Koronabirusa

Euskal Herria Mendi Erronka lasterketa bertan behera uztea erabaki dute

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 7a, 21:30

Euskal Herria Mendi Erronka 2021ean egingo dute berriz, ekainaren 5ean.

Euskal Herria Mendi Erronka lasterketako antolakuntza taldeak sare sozialetan eman du duela minutu gutxi batzuk erabakiaren berri. Azaldu dute erabakia hartzea kosta zaien arren, lasterketa antolatzeko beharrezkoa den auzolana: «osasun larrialdi egoera hau gainditu bitartearen behar duenari laguntzera» bideratu beharko litzatekela uste dutelako eman dutela pausoa.

Euskal Herria Mendi Erronka lasterketaren antolakuntza taldeak, azken aldian Covid-19 gaitzak sortutako ezohiko egoeraren aurrean, 2020ko EHME bertan behera uztea erabaki dutela jakinarazi du. Kaleratu dute oharrean nabarmendu dute mendi lasterketa soilaz gain, bere oinarrian beste helburu batzuk ere txertatuta dituen kirol ekimena dela: «Euskal Selekzioen ofizialtasuna, Mendialdea-Aralar eskualdearen garapena, ingurumenaren babesean eragitea edo euskararen sustapena, besteak beste. Hori guztia aurrera eraman ahal izateko auzolana behar-beharrezkoa dela sinesten dugu eta horretan oinarritzen dugu gure eguneroko lana». Une honetan, Covid-19 pandemiak sortutako nahasmen eta ezohiko egoeraren aurrean, beste lehentasun batzuk badaudela uste dutenez, bidezkoena EHMEk mugitzen duen auzolana beste norabide batean bideratzea dela erabaki dute: «osasun larrialdi egoera hau gainditu bitartean behar duenari laguntza eskaintzera alegia».

2020ko ekitaldirako izena eman duten korrikalari guztiei dortsalaren %100a itzuliko dietela ere azaldu dute. Eskerrak emateko ere baliatu dute oharra: «lasterkariei eskerrak bihotz-bihotzez guregan jarritako konfiantzarengatik. Gure oinarria osatzen duzuen boluntario eta laguntzaileei ere besarkada handi bat eta animo asko elkarrekin eginen dugun auzolan berri honetarako».

Hurrengo urterako hitzordua ere egin dute dagoeneko: «ziur gaude 2021eko EHME ekitaldia indarberrituta etorriko dela eta, lasterka edo auzolanean, elkarrekin gozatzeko aukera paregabea eskainiko digula. EHME 2021 ekainaren 5ean izango da, ordura arte guztiei».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun