Koronabirusa

Larunbat arratsaldean balkoi eta leihoetara ateratzeko deialdi berezia egin du Goizuetako Udalak

Ttipi-Ttapa 2020ko api. 3a, 07:47

Goizuetako Udalak apirilaren 4an, larunbatean 20:00etan balkoi eta leihoetara ateratzeko deialdi berezia egin du, bideo hunkigarri batekin lagunduta.  «Hasteko gure eskerrik beroenak bideo honetan parte hartu duzuenoi! Baina badakigu askoz ere gehiago ari zaretela zuen etxeetatik denoi animoak bidaltzen. Izan ere, azken hiru aste hauetan goizuetar asko eta asko gara 20:00etan balkoietara ateratzen garenak: txaloka, musika jarrita, kantari eta instrumentuak eskutan. Aupa zuek!», dio oharrak.

Apirilaren 4an, zerbait handia egin nahi du Goizuetako Udalak. «Bidal diezaiegun inoiz ahaztuko ez dugun txalo zaparrada ospitaleetan lanean ari direnei. Gure herriko xaharrei eta pazientzia handiz etxean sartuta dauden umeei. Gure etxeetan janaria eta botikak falta ez daitezen lan eta lan ari diren merkatariei. Etxean gelditu nahi, baina halabeharrez lanera joan behar dutenei. Birusa harrapatu dutenei eta etxean geratzeagatik harrapatuko ez dutenei», dio oharrak.

«Larunbat honetan 20:00etan atera gaitezen Goizuetako balkoi/leihoetara eta sentitu dezagun elkarrekin gaudela. Elkar zaintzen badugu, hau dena askoz errezagoa izango da».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun