Giro bikaina izan dute asteburuan Aresoko inauterietan

Ttipi-Ttapa 2020ko ots. 3a, 16:00

Festan bukatu eta festan hasi, inauteri giroan lotu dituzte urtarrila eta otsaila aresoarrek. Ostiralean eskolako haur, guraso eta irakasleen kalejirarekin hasi eta larunbateko herri afari eta dantzaldira arte; hamaika dantza, broma, barre-algara... izan dituzte. Mozorroa soinean jantzi, lotsak etxean utzita eta denen artean giro bikaina sortu dute.

Urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean inauteriak ospatu zituzten Areson. Nazabal Eskolako ikasle, irakasle eta gurasoak izan ziren inauteriei hasiera emateko ardura izan zutenak. Dotore jantzi ziren hitzordurako. Duela urte batzuk Lagun Artekoek egindako ezkontza garai berrietara ekarri eta bi ezkontza irudikatu zituzten: erlijiosoa eta zibila. Ez ziren falta izan, gonbidatuak eramateko eztei-garraioa, gonbidatu xelebreak eta dantzak. Herrian barna kalejira egiteaz gain, Udaletxean eta Elizan antzerkia ere egin zuten. Arratsaldeko seiak aldera, Lagun Artekoek eskea egin zuten herrian eta gero Pake Toki Elkartean bildu ziren afaltzeko.

Otsailaren 1ean, indarrak hartzeko gosaria egin zuten Lagun Artekoek eta goizean goiz hasi zuten baserrietako itzulia. 17:30 aldera herritar guztiak atera ziren kalera eta, mozorroak soinean, kalejira osatu zuten. Aresoko olinpiar jokoetan parte hartu zuten kirolariak, Joxelu Anaiak, Goazen eta Ene Kantakeko dantzariak, pailazoak, Mario eta Luigi... paperean sartuta, bateko kanta eta dantzak, besteko kirol ikuskizuna... giro ederra sortu zuten. Herri afarian bildu ziren, gero, eta dantzan borobildu zituzten inauteriak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun