Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea saritu dute

Ttipi-Ttapa 2019ko abe. 16a, 12:00

Nafarroako Gizarte Zerbitzuen artean banatzen duten Kalitatearen XII. saria eskuratu du Arano, Areso, Leitza eta Goizuetako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak. Abenduaren 13an Nafarroako Jauregian egindako ekitaldian jaso zuten saria Unai Miranda Goizuetako alkateak, Maialen Apezetxea zinegotziak eta Leitzako Udaleko zinegotziak diren Maialen Morenok eta Saioa Sagastibeltzak.  2016an Arano eta Goizuetan martxan jarri zuten Nafarroako Butantxo. Zaintzeen Herria proiektuarekin auzokideen arteko tratu onak bultzatu eta pertsonen arteko harremanak sendotzeko egindako lana aitortu diete.

Saria jasotzerakoan eskerrak eman eta herritarren inplikazioa nabarmendu dute udal ordezkariek: «proiektu honetan Goizuetako eta Aranoko eragile sozial guztiak inplikatu dira. Modu kooperatiboan lan egin dugu, bakoitzak beretik emanaz eta esperientziak trukatuz.  Guretzat hori da lan egiteko modu bakarra».  Proiektu honekin izan dituzten emaitzekin gustura daude eta gaineratu dute: «lan honek bere emaitzak eman ditu, baina garrantzitsuena prozesuan sortu diren harremanak dira».

Erakunde saritua

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak datorren urtean beteko ditu 30 urte. Lau herrietako bizilagunen bizi-kalitatea eta ongizatea bermatzeko helburuarekin sortu zen eta  gaur egun, profil profesional ezberdineko hamabost langile ari dira bertan lanean. Hasieran, harrera eta gizarte-orientazioa eskaintzen zituzten, baina egun, doako zerbitzu publikoa eta komunitarioa eskaintzen dute: tartean, norberaren autonomia sustatzeko programa eta mendekotasun-egoeran aurkitzen diren pertsonak artatzeko eta gizarteratzeko programak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun