Arano, Areso, Leitza eta Goizuetako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen lana saritu dute

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 22a, 10:21
Herritarren arteko hartu-emana sustatzen duten hainbat ekintza antolatu dituzte Butan proiektuaren barrenean.

Nafarroako Gizarte Zerbitzuen artean banatzen duten Kalitatearen XII. saria eskuratu du Arano, Areso, Leitza eta Goizuetako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak Nafarroako Butantxo. Zaintzeen Herria proiektuagatik. Himalayako mendilerroan dagoen Butan herrialdearen eta Arano eta Goizuetaren artean hainbat antzekotasun daudela ikusita, auzokideen arteko tratu onak bultzatu eta pertsonen arteko harremanak sendotzeko, Butango bizi-filosofian oinarritzen proiektua jarri zuten martxan Urumealdean.

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik adierazi dutenez, «sakabanaketa, nortasun propioa, bizilagunen arteko harremanen kalitatea edota auzolanaren eta lan komunitarioaren ideia» dira hiru herrialdeek komunean dituzten ezaugarrietako batzuk.  Hautagaitza aurkezterakoan, herritarren ongizateari ematen zaion garrantzia azpimarratu zuten: «Butanen bezala, Barne Produktu Gordinaren ordez, ongizatea neurtzen duten beste osagai batzuk balioan jarri eta indartu nahi izan ditugu, hala nola zaintza lanak, denboraren erabilera, naturak suposatzen duen kapitala, ingurumenaren kalitatea, alderdi sozioekonomikoa eta kapital soziala».

Herrien indarguneak abiapuntu

Proiektua bi herrien (Goizueta eta Arano) indarguneetatik abiatzen da, eta harreman positiboak eta emozioak lantzearekin lotzen da: «herriaren zoriontasun-maila handituz gero hobeto bizi daitekeenaren uste sendoa dugu Gizarte Zerbitzuetan eta horixe da gure lanaren helburua».

Hainbat ekintza antolatu dituzte

Butan proiektuaren baitan, hainbat ekintza antolatu dituzte: Zuk erabaki, zuk dantzatu lehiaketa, Ligoteo osasuntsurako tailerra, Tabernetan etxean bezalaxe tailerra, Zaintzaileak zaintzeko tailerra eta Zahartzaro osasuntsurako tailerrak. Hezkuntza-komunitatearekin batera ere hainbat jarduera landu dituzte, «argazki-lehiaketa, tratu onen inguruko istorioak edo gymkana eta Familientzako txokoa.

Sariaren arrazoia

Praktika berritzailea dela ebatzi du saria eman duen epamahaiak, originala eta Nafarroako beste herri batzuetara zabal daitekeela ere baloratu du: «proiektuak herritar guztiak hartzen ditu bere baitan. Belaunaldien arteko proiektua da, diziplina artekoa-eta anitzekoa. Pertsonak eta komunitatea ahalduntzea  bultzatzen du eta autogobernuaren ildoan lan egiten du. Azkenik, prebentziozko osagaia nabarmendu da, esku hartzeko eta kaltea konpontzeko fasearen aurrekoa baita egiten den lanketa».

Abenduaren 13an jasoko dute saria Leitza, Arano, Areso eta Goizuetako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako langileek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun