Inoiz baino lehenago heldu da aurten Leitzako Mikologialdia

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 9a, 12:00
Aurten ere eskulanekin apainduko dute karrapea.

Ostegunean hitzaldia, larunbatean onddo eta perretxiko bila ateraldia eta igandean pesta handia izanen dituzte

Ostegunetik igandera ospatuko dute Mikologialdiaren 13. edizioa Leitzan, ALKE elkarteak antolatuta.

Egun handia igandean izanen da eta urtero bezalaxe, plazan jarriko duten onddo eta perretxikoen erakusketa  izanen da hitzorduaren bereizgarria.  Plaza eta karrapea apaintzeko, gaztetxoek eskolan egindako eskulanak eta marrazkiak erabiliko dituzte eta tailerrak, pintxoak... ere ez dira faltako.

Bezperan,  urriaren 12an, mendi-irteera eginen dute erakusketarako aleak biltzeko.  09:30ean plazan egin dute hitzordua eta sailkapena  arratsaldean eginen dute. Norbaitek bere aldetik bilketa egin eta perretxiko eta onddoak eraman nahi baditu, 12an eraman beharko lituzke karrapera. Egitaraua osatzeko, ortzegunean, urriak 10, Ultzamako onddo barrutiaren inguruko azalpenak emanen ditu Garrapo taldeak eta ostalariek ere onddo eta perretxikoekin pintxoak prestatuko dituzte asteburuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun