«Haurtzaroko oroitzapen ederrak genituelako berreskuratu genuen Mikologialdia»

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 7a, 06:30
Juan Mari Barriola 2007az geroztik ALKE kultur elkarteko kide da.

Juan Mari BARRIOLA GOGORTZA Leitzako ALKE kultur taldeko kidea

«Mendian ibiltzea, irakurtzea, familia eta lagunekin egotea, bidaiatzea…» gustuko duen leitzarra da Juan Mari Barriola. Egunerokoan «bertako tailer batean» egiten du lan eta, lanorduetatik kanpo, herriko ALKE kultur taldeko partaide da.

2007an sartu zen kultur taldean, «garai hartan zeudenek uztea erabaki zutenean». Aukera luzatu bezala onartu zuen proposamena, «zaletasunei bide emateko eta auzolanean aritzeko aukera ederra» ikusi zuelako.

Urteroko hitzorduak, gerora sortuak eta berreskuratuak

Orduz geroztik, kultur taldeko gainerako kideekin batera, «urtez urte egin izan ditugun kultur ekintzak eta gerora sortutakoak» antolatzen aritu da: «aspaldian hasi ziren Kultur Astea, Artisau Azoka eta bestelako hitzaldiez gain, guk geuk martxan jarri genituenekin aritu gara, Sagardo Eguna esaterako». Aspaldikoak izanagatik tartean etenak izan dituztenak ere badaude: «Mikologialdiak urte batzuz etena izan zuen eta hori berreskuratu genuen».

Onddoak bildu, sailkatu eta dastatu

Haurtzaroko oroitzapenei tiraka eta biraka hasi zuten berreskuratze-prozesua: «oroitzapen ederrak genituen eta ez genuen hori itzaltzen utzi nahi. Taldetxo bat bildu eta parte hartzeko gogoa genuela ikusita animatu egin ginen».

Gogoa, horixe izan zen giltza, eta hori izan da urtez urte Mikologialdia errotzeko sekretua. Hamarkada pasatxoko ibilbidea du orain Mikologialdiak eta ekintza andana egin ohi dituzte. Hasteko, girotze-fasea egiten dute: «merkatariei erakusleihoak udazken koloreekin apaintzeko eskatzen diegu, onddoak etab. paratzeko». Girotze-fasearen ondoren, «asteburuan izaten dira ekitaldi nagusiak».

«Mikologialdiko gastuei pintxoak salduz ateratzen dugun diruarekin aurre egiten diegu»

Onddoak biltzeko ateraldiak egiten dituzte larunbatean: «bai Mendibil mendi taldekoek, bai eskolako ikasleek zein gurasoek baita herritarrek ere». Gero, horiek sailkatzeko, «adituen laguntza» izaten dute. Igandean, berriz, bildu eta sailkatutakoa erakusteko tenorea izaten dute: «onddoak eta zizak plazaratuz erakusketa egiten dugu». Ez hori bakarrik, gaztetxoen margolanek ere badute beraien txokoa: «eskolan egindako marrazkiak ere zintzilikatzen ditugu, ikusleen gozagarri».

Gainera, «urte askoz gaztetxoentzako eskulan-tailerrak» antolatu izan dituzte: «herritar batzuek Mikologialdiarekin zerikusia duten alderdiak lantzeko eta horiez gozatzeko aukera eskaintzen dute, eskulanak edota bestelako tailerrak eginez».

Sormena ez da, ordea, horretara mugatzen. Erakusketak zapore goxoa utz dezan, «pintxo batzuk egiten ere saiatzen gara». Horiek salduz «Mikologialdiko gastuei aurre egitea» lortzen dute. Are gehiago, bilduma bat ere egiten ari dira: «perretxikoen argazkiak inprimazio berezi batean atera eta erakusleihoetan jartzen ditugu».

Aurtengo berezitasuna

Ohiko egitarauari beste hitzordu bat gehitu diote aurten: «aspaldian hitzaldiren bat ekarri nahi izan dugu eta urteetan saiatu bagara ere, orain artean ez dugu lortu». Gaian «aditu euskaldun gutxi» izaki, pozik daude aurtengo bisitarekin: «urriaren 10ean, ostegunean, Ultzamako Garrapo taldeko kide batek beraien esperientzia partekatuko digu».

Jakitunengandik ikastea; zaleentzat ez dago hori bezalakorik eta horixe da Barriolarentzat Mikologialdia: «jakintzak aberasteko eta lagunartean biltzeko aukera. Egunean bertan eta aurretik, dena da aberasgarri».

«Ostegunean Ultzamako Garrapo taldeko kide batek beraien esperientzia kontatuko digu. Hitzaldia interesgarria izanen da»

Peretxikoen aitzakiapean sortzen den giroa ere gustuko duenik ez du ukatu: «eskolako gazteak, gurasoak, herritar-mendizale edo pintxozaleak… eta herritarrak ez direnak biltzen gara. Azken urteetan ingurukoengan interesa piztu dela antzeman dugu».

Bestarako aitzakia polita denik ezin uka, baina horretarako, mendiko botak jantzi eta onddoak biltzeko ardura ere hartu behar da. Biltzen aritzen da Juan Mari Barriola: «gustura joaten naiz nire kabuz». Sailkatzea, ordea, zailagoa egiten zaiola kontatu digu: «etxean zaleak izan dira eta liburuetatik edo adituen hitzaldietatik zerbait ikasi dut baina hori mundu bat da. Ohikoenak ezagutzen ditut baina asko dira. Guk guztira 800 onddo eta ziza espezie ingururen fitxak ditugu, batzuk oso antzekoak direnak».

Aurten inoiz baino lehenago

Mendirako bueltak gero eta maizago egiten hasiak dira dagoeneko leitzarrak. Izan ere, aurten «urriaren 10eko hitzaldiarekin hasiko da Mikologialdia, inoiz baino lehenago». Aspaldian eztabaidatzeko tartea hartu izan dutela kontatu digu: «aurten, azkenean, aurreratzea erabaki dugu; espezie gehiago biltzeko urri bukaera beranduxko izateaz gain, beste ospakizun batzuekin bat egiten zuelako». 

Astebururako planik ez duenarentzat proposamen ederra luzatu du Barriolak: «onddo batzuk bildu eta jan bitartean, naturaz gozatzeko eta ikasteko aukera duzue Leitzan. Mundu osasungarri eta berezi batean murgiltzeko ateak zabalik dituzue».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun