Urriaren 5ean ospatuko dute XIII. Aurrera Eguna Leitzan

Ttipi-Ttapa 2019ko urr. 3a, 08:30
Aurrerako dantza-taldeak bere emanaldia eskainiko du larunbat eguerdian.

1988an Aurreraren alde eginiko aizkora jaialdian parte hartu zutenei omenaldia eginen diete eguerdian

Urriko aurreneko larunbatean,  ospatuko dute Aurrera Elkarteko egun handia. XIII. edizioa izanen da aurtengoa eta kirolerako, dantzarako eta pestarako tartea hartzearekin batera, elkartearen alde 1988an antolatu zuten aizkora jaialdian parte hartu zutenak omentzeko baliatuko dute hitzordua.

Larunbat goizean, 08:30ean Aurrerako Mendibil mendi taldekoak plazan bilduko dira Kornietara igotzeko. 09:00etan txistulariek diana joko dute eta 10:00etan Aurrerako kirol jokoen eskutik futbito partida izanen da plazan. 11:00etatik 13:00etara haurrentzako zaldi ibilaldiak antolatu dituzte plaza inguruan eta ordu berean, pilota-eskolako pilotarien partidak hasiko dira plazan. Dantza-taldearen txanda izanen da gero. 12:00etatik aurrera, haur, gazte eta helduek emanaldia eskainiko dute.

 

Omenaldia

Incansables txarangarekin poteoan aritzeko aukera izanen da 13:00etatik aurrera eta ordu berean, esker oneko ekitaldia egitekoa dute Aurrera Elkartean. 1988an Aurreraren alde egindako aizkora jaialdian parte hartu zutenei omenaldia eskaini nahi diete. Auzolanaren beharra izan zen jaialdi hura antolatzeko eta orain,  lagunartean bilduta adierazi nahi diete esker ona. Gero, 14:30ean karrapean bilduko dira bazkaritarako. Mariskoz beteriko  piper beteak, otarrainxkak baratzuri erara, penka beteak onddo saltsan, risottoa, erredondoa saltsan, sorbetea eta goxua izanen dituzte. Txartelak Torrean eta Peritzan egonen dira salgai urriaren 3ra arte (bazkideek 23 euro eta bazkide ez direnen bikoteek 28).

Bazkalondoan, espartzinak jantzi eta Ingurutxoa dantzatuko dute bazkideek. Ondoren Incansables txaranga aterako da kalera eta buruhaundiekin kalejira eginen dute. Indarrak hartzeko luntxa izanen dute gero Aurreran eta pestarekin jarraitzeko Joxe Mendizabalek musika-saioa eskainiko du Aurrerako atarian.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun