Betizuak inoiz baino protagonismo handiagoa izanen du aurten Goizuetako ferietan

Ttipi-Ttapa 2018ko aza. 21a, 15:01
Betizuak 2015eko Feria Egunean

Azaroaren 24ko azienda feria eguneko bazkarian betizu haragiarekin egindako gisatua emanen dute

Umore Onak, Guraso Elkarteak, Gazte Asanbladak, Ezker Abertzaleak, Goizuetako Talogileak eta Kultur Taldeak Udalaren laguntzaz antolatuta, feriaren hamabosgarren edizioa izanen da azaroaren 24an.

 

Azken urteetan bezala, aurten ere, betizuek indar berezia izanen dute. Nafarroako betizuen erdiak eta Euskal Herriko betizuen ehuneko handi bat herrian daudela aintzat hartuz, ez da harritzekoa azienden bueltan betizuek hartzen duten garrantzia. Aurten, ordea, azienda erakusketan ez ezik, mahaian ere bere tokia hartuko du. Hortaz, «inoiz baino protagonismo handiagoa» izanen duela gaineratu dute. 450-500 lagun bildu ohi diren herri-bazkarian ohiko menuan bigarren plater gisa betizu gisatua izanen dute.

Era berean, herriko aziendak aterarazteko kanpaina egin dute. Abeltzainei eta aziendak dituzten herritarrei beren aziendak plazara ateratzeko deia egin diete, bai gutun bidez, baita ahoz aho ere. Aurten ere, izena ematen duten baserrietatik azienda jaitsi eta igotzeko garraio-kostua Udalak bere gain hartuko du.

Egitaraua
10:00etan abiatuko dute eguna artisauen erakusketarekin. Batzuen lan ederrak ikusi bitartean, gaztainak erosi eta sagardoa dastatzeko aukera izanen da eta herriko talogileak lanean ariko dira goiz osoan. Trikitilariek ere girotuko dute herria. 12:30ean Goizueta eta Emarri taldeen arteko giza-probak izanen dira ikusgai. 14:00 aldera bazkarian bilduko dira. Esan bezala, betizu haragi gisatua izanen da, baina aurretik babarrunak eta ondotik postrea ere izanen dute dastatzeko. Bazkari-txartelak Amaia kafetegian daude salgai (zortzi urte artekoek doan; 9-16 urte bitartekoek hamar eurotan; ikasle eta langabetuek 18 eurotan; eta langileek 21etan). Eguna borobiltzeko, 18:30ean dantzaldia izanen dute, Bixenteren eskutik. Gauean parranda segitu nahi duenak gaztetxean izanen du aukera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun