Leitzako Kultur Aroak ez du etenik

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 16a, 12:11

40. eskulangintza azokarekin borobilduko dute maiatza

Herritar eta inguruko haur, gazte eta helduen gozamenerako ipuin-kontaketa, ekialdeko emigrazioari buruzko saioa, kantu emanaldia... izanen dituzte

Joan den maiatzaren 4an abiatu zen Leitzako XLI. Kultur Aroa. Amazabal institutuko ikasleen Urratsez Urrats Berrikuntza Proiektuaren aurkezpenetik hasi eta autodefentsa feminista tailerra, Kattalingune zerbitzuaren aurkezpena, Ez dok hiru antzerkia, Las que faltaban dokumentala, emakumea, musika eta oholtzari buruzko mahai-ingurua eta Ni ta punto gazteentzako ipuin saioa izan dituzte.

 

Ekitaldiek ez dute etenik. Hilaren 17an, esaterako, Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako ipuin-kontaketaz gozatzeko tartea hartzekoa zuten, 17:30ean, liburutegian. Asteburuan ere ez da ezer faltako. Ostiralean, 18:30ean Luzia Etxeberriaren eta Ulises Domechen eskutik, ekialdeko emigrazioari buruzko saioa izanen dute. Eguna kantu emanaldiarekin bukatuko dute, Torrea girotuz, 22:30ean. Larunbatean kirolzaleek hartuko dute lekukoa, haurrak eta helduak jardueraz jarduera ibiliko dira. Txikienek 09:00etatik 13:00etara dute hitzordua; helduek, berriz, 16:30etik 18:30era. Igandeko protagonistak Kiliklon familiako Miru eta Xurdin izanen dira. Musika lagun, dantza, txalo eta algaraz beteko dute zinema, 17:00etan.

40. eskulangintza azokarekin borobilduko dute maiatza
Hurrengo astean ez da atsedenik izanen: literatura, hitzaldiak, jokoak, kirola, musika, azoka...  antolatu  dituzte. Hilaren 22an, asteartean, Ana Jakak poesia errezitala eskainiko du, 19:00etan, liburutegian. Biharamunean, 23an, Gurean dokumentala ikusteko aukera izanen dute (18:30ean, Atekabeltzen). Ostegunerako Siriako errefuxiatuen egoerari; eta ostiralerako euskal kultura tradizionalaren oinordekotzari buruzko hitzaldiak aurreikusi dituzte, Atekabeltzen, 19:30ean eta 18:30ean, hurrenez hurren. Tribialzale feministen txanda izanen da ondotik, 19:30ean. Maiatzeko azken larunbatean Bardeetako irteera (07:00etan plazan), Siriako hamaiketako solidarioa (12:00etan plazan), kantu saioa (19:30ean Izaietan) izanen dute; igandean, berriz, 40. eskulangintza azoka.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun