Larunbat goizean aziendak eta artisau eta nekazaritza postuak ikusgai izan ziren. Herriko artisauek ere beraien erakustaldiak eskaini zituzten: ataka bazterrak (Artantxukoak), sagardoa (Yandenekoak), sifoia (Luixin), egur taila (Garbiñe), ardien itzulia (Olaso), joareak (Belako), haria (Mikela eta Anttoni), artoa kerkeili (jubilatuak), torrijak (Koro eta Mertxe), eztia (Jimenez), garagardoa (Iñigo), harri taila (Andoni) eta erraldoiak (Yandenekoak). Aziendei dagokienez, baserrietatik eramandako ardi, zerrama eta zerrikume, oilo, asto eta zaldiez gain, ikusmina piztu zuten Urdazubitik Mattin Villaresetik eramandako Galizako cacheta arrazako behi adar haundiek.
Goizean zehar trikitilariak ere aritu ziren kaleak alaitzen. Urtero bezala jendetza bildu zen goiko frontoiko bazkarian eta dantzan aritzeko aukera izan zen Bixenteren doinuekin udaletxeko orapean.