Katarrapikaka lehiaketa arrakastatsua suertatu da Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 20a, 11:36

Katarrapikaka lehiaketan parte hartu duten lau hirukoteak eta lehiaketa egitea posible egin duen lan taldea. Argazkia: Felix Loiarte

Hirukoterik gazteena, Alaitz Eskuderok, Maialen Apezetxeak eta Ane Tabernak osatua, suertatu da garaile herria hobe ezagutzea helburu zuen norgehiagokan

Herria hobeki ezagutzeko, Goizuetari buruzko galderak, ariketak, probak… bildu dituen Katarrapikaka! lehiaketa egin zuten azaroaren 18an, larunbat arratsaldean Herriko Etxeko Ganbaran, Goizuetako Euskara Zerbitzuak eta Goizuetako Udalak antolatuta. Parte hartu zuten lau hirukoteen artean, Alaitz Eskuderok, Maialen Apezetxeak eta Ane Tabernak osatutakoa suertatu zen garaile eta 300 euroko saria eskuratu zuten saritzat.

 

Bigarren postuan Eva Elizegi, Bakartxo Huizi eta Alex Salaberria sailkatu ziren eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako sarrerak eskuratu zituzten; hirugarrenean, Esteban Arozena, Miren Terexe Huizi eta Fermin Narbarte eta laugarrenean Joxe Javier Etxeberria, Mila Loiarte eta Maite Alsua. Zuriñe Lujanbiok eta Fernando Goiak egin zituzten aurkezle lanak eta Kristina Urrutiak eta Juan Antonio Lekuonak epailearenak, lehiaketa prestatzeko lan handia egin duen taldearen ordezkari.

Lehenbiziko aldia da era honetako lehiaketa bat egiten dena Goizuetan. Herriari buruzko galdera eta probak izanen dituzte lehiakideek: Goizuetako historia, tradizioa, leku-izenak, euskalkia, hitzak, esamoldeak... Helburu dibulgatiboa du batez ere, herriaren jakintza eta herriari buruzko informazioa berreskuratu eta belaunaldi gazteei transmititu nahi da lehiaketa honekin. Baina izan dute entretenimendurako tarterik ere, ongi pasatzeko ikuskizuna izan baitzen

Herriak herriarentzat antolatutakoa izan da, eta guztia aurrera eramateko ezinbestekoa izan da elkarlana. Eskertzekoa da lehiaketa prestatzen aritu diren herritaren lana, saio honetarako propio sortutako lantaldea izan baita. Lehiakide izanen diren 12 herritarrak animatu izana ere benetan txalotzekoa da, eta era berean, bestelako lan batzuetan laguntza eman duten herritarrak ere aipatzekoak dira. 

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun