Goizuetako gasolindegiaren irekiera ofiziala egin dute urriaren 13an

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 16a, 10:48

Gasolindegiaren inauguraziora herritar asko hurbildu zen. Argazkia: Felix Loiarte

181 bazkide dituen Goizukoop kooperatibaren ekimenez ireki dute

Irailaren 30etik irekia egon den arren, urriaren 13an, ostirale arratsaldean egin zen Goizukoop kooperatibak bultzatutako Goizuetako gasolindegiaren irekiera ekitaldia. Irekiera ekitaldira bazkide eta bazkide ez diren hainbat herritar agertu ziren. 

 

Goizukoop-eko lehendakaria den Iñigo Elizegik eskerrak eman zizkien Udalari eta proiektua finantzatzeko laguntza eman duten Oinarri eta Euskadiko Kutxari. Auzolanean lagundu dutenei ere eskertu zien beraien ekarpena. Baina eskerrik beroenak proiektuan hasieratik sinistu duten bazkide guztiei eman dizkie. Aipatu duenez, «proiektu hau aurrera atera izanak erakusten du herritarrak elkartuta lan egiten dugunean edozein proiektu aurrera ateratzeko gai garela». Oso giro onean joan zen irekiera ekitaldial eta bertaratuek izan zuten pintxo batzuk dastatzeko aukera. Abesbatzak ere kantatu zuen eta dantzariek Aurreskua dantzatu zieten Goizukoop kooperatibako zuzendaritza batzordeko kideei.

 

Jatorria

Gasolindegia hau duela bi urte herritar talde batek egin zuen bilera baten ondorioa da. Bilera hau Iñigo Elizegik deitu zuen, eta berak egin zuen herrian gasolindegi bat irekitzeko proposamena. Garbi zegoen, gasolindegia herriari eta herritarrentzat zerbitzu gisa ulertzen zela eta horregatik berau egiteko eta kudeatzeko erarik egokiena kooperatiba bat sortzera zela pentsatu zen.

 

Batzarrak

Lehehengo herri batzarra 2016ko urtarrilean egin zen eta izan zuen arrakasta ikusirik, garbi zegoen atzera bueltarik ez zuela eta herritarrek bat egin zutela proiektuarekin.

Apirilean egin zen bigarren Batzarrean, herritarren artean gasolindegiaren erabileraen inguruan egindako inkestaren emaitzak erakusteaz gain kooperatibaren ezaugarriak finkatu ziren. Erabiltzaile eta kontsumitzaileen kooperatiba. Bazkide bakoitzak 90 euro jarri beharko zituen eta Irabazi asmorik gabekoa izango zen. Maiatzaren 28an egin zen kooperatibaren Batzar Eratzailea, eta abuztuaren 9an inskribatu zen Nafarroako erregistroan. Gaur egun Goizukoop-eko 181 bazkide ditu.

 

Gasolindegia

Gasolindegia eraikitzeko lanak 2017ko maiatzean hasi ziren eta nahiz eta obraren zati haundiena uztailerako bukatua egon, iraila bukaera arte ezin izan da ireki.

Esan bezala egun batzuk daramatza zerbitzua eskaintzen eta egun hauetan arazo informatiko batzuk izan dira. Arazoak konponduta daude, eta aurrerantzean bazkide direnei zein ez direnei kalitateko zerbitzua eskaintzeko prest dago Goizukoop kooperatibak martxan jarri duen gasolindegia.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun