Abel Barriolak eta Oinatz Bengoetxeak bota dute Leitzako pestetako txupinazoa

Ttipi-Ttapa 2017ko abu. 11a, 07:25
Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxea, Leitzako pestetako txupinazoa bota baino lehenxeago. Argazkia: Leitzako Udala

Omenaldia eskaini zitzaien kirolaren bidez herria ezagutzera emateagatik eta Plazaola aldizkariko azal lehiaketako irabazleak ere saritu zituzten

Abuztuaren 10ean, ostegun arratsaldeko 6etan botatako txupinazoarekin abiatu ziren Leitzako Santiburtzio pestak, nahiz eta zenbait ekitaldi aurretik egin. Esaterako, kuadrillen arteko herri kirol saioa jendetsua izan zen, nahiz eta euriagatik frontoian egin behar izan zuten. Lehen suziria, Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxea pilotariek bota zuten, kirolaren bidez herria ezagutzera eman dutela eskertuz. Omenaldia ere eskaini zitzaien Udaletxean.

 

Horretaz gain, Plazaola aldizkariko azal lehiaketako irabazle suertatu diren Orkatz Erbiti, Aroa Arregi eta Maddi Iturberi ere sariak eman zitzaizkien. Txupinazoan eta Udaletxeko ekitaldian gonbidatuak zeuden Lakuntzako alkatea eta Isabel Elizalde, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilaria.

Hemendik aurrera, sei eguneko pesta ederrak izanen dituzte Leitzan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun