200 korrikalarik parte hartu dute IV. Goizutrail mendi lasterketan

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 22a, 11:55

Inguru ikusgarrietan barna egin dute aurten ere Goizutrail lasterketa. Argazkia: Felix Loiarte

Gipuzkoarrek osatu dituzte ibilbide luze nahiz laburreko podium gehienak, gizonezkoetan eta emakumezkoetan

Maiatzaren 20an burutu zen Goizutrail mendi lasterketaren laugarren edizioa. Azken bi edizioetan bezala, bi ibilbide izan zituzten aukeran, 25 kilometrokoa eta 10 kilometrokoa. Denera 200 korrikalarik bukatu zituzten lasterketak, 107k luzeena eta 93k laburrena. Luzeena egiten bizkorrenak Zestoako Jon Alberdi eta Zizurkilgo Aitziber Ibarbia izan zireneta laburrena egiten Arrasateko Iñigo Alzola eta Hernaniko Ana Rodriguez. Podium gehienak Gipuzkoako korrikalariek osatu zituzten.

 

Izan ere, Jon Alberdi zestoarrak 2 ordu 17 minutu eta 8 segundo behar izan zituen ibilbide luzea burutzeko; Berastegiko Iban Agirrezabala izan zen bigarren (2:17:25) eta Zumaiako Jokin Guijarro hirugarren (2:20:27). Eskualdeko korrikalariei dagokienez, Hodei Lujanbio goizuetarra izan zen bizkorrena eta hamalaugarren izan zen sailkapen orokorrean (2:33:16). Aritz Alunda arraioztarra hamaseigarren izan zen (2:35:46) eta Iñaki Zabaleta leitzarra hogeita laugarren (2:41:39).

Emakumezkoetan, Zizurkilgo Aitziber Ibarbiak 2 ordu, 43 minutu eta 39 segundo behar izan zituen garaipena lortzeko, Getxoko Amaia Amantegi bigarren izan zen 13 segundora (2:43:52) eta Sarah Ugarte donostiarra hirugarren (2:47:54). Ez zen eskualdeko emakumerik izan ibilbide luzean.

Ibilbide laburrean, Iñigo Alzolak 51 minutu eta 56 segundo behar izan zituen, Iñigo Gurrutxaga donostiarrak 52 minutu eta 28 segundo eta Egoitz Izagirre oiartzuarrak 52 minutu eta 32 segundo. Eskualdeko korrikalariei dagokienez, Manttale taldeko Ibai Berregi iturendarra bosgarren izan zen (55:44) eta Xabier Apezetxea goizuetarra hemezortzigarren (1:00:47).

Emakumezkoetan, Hernaniko Ana Rodriguez gailendu zen (1:09:43), Arrasateko Ane Beraza (1:10:29) eta Azpeitiko Eneritz Aramendiren (1:10:54) aurretik.  Ane Zinkunegi goizuetarra izan zen eskualdeko emakume bakarra ibilbide laburrean (1:25:27).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun