Goizuetako Txinoko fiestak giro ederrean joan dira aurten ere

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 8a, 12:16

Auzotarren eta herritarren arteko sokatira lehian, Txinokoak nagusitu ziren.

Zubiondo tabernako familiak bota zuen txupinazoa, auzotarrak nagusitu ziren herritarren kontrako sokatira saioan eta txikienak krosean lasterka ere ibili ziren 

Asteburu honetan ospatu dira Txino auzoko fiestak eta urtero bezala mundialak izan dira.  Ostiralean Unai Agirre eta Aitor Mendiluze bertsolariak aritu ziren Zubiondo tabernan eta bertso zaleek bizitasun handiko saioaz gozatzeko aukera izan zuten, festei hasiera emanez. Tabernako nagusiek zapela eta oroigarria ere eman zieten bertsolariei, batzuk urtero urtero etortzen direlako festa hasierako ekitaldi honetara.

 

Ondoren, bertsolariei txanda eginez, Mus txapelketa jokatu zen Zubiondon bertan eta 11 bikotek parte hartu zuten. Joan den urteko txapeldun ordeak, Josu Narbarte eta Bixente Callejón aurtengoan txapeldun izan dira. Txapeldun ordeak, berriz, Euxtakito Zubieta eta Antonio Zubeldia izan dira.

Larunbat goizean haurren krosa egin zen. Aurten ez da helduen lasterketarik egin, baina halere, animazio handia izan zen txikienekin ere. Ondotik, txupinazoa bota zuen Kontxi Billabonak, Zubiondo taberna kudeatzen duen Mitxelena-Billabona familiaren izenean. Auzoko dragoia han-hemen ibili zen kalejiran. Txino auzoko eta herriko tiralarien arteko sokatira saioan auzotarrak nagusitu ziren. Herri bazkarian eta bazkalondoan ere giro ederra izan zen.

Arratsaldeko ekitaldiari dagokionez, break dance ikuskizuna bikaina izan zen eta gauean ere Klaudion etxeko bajeran, urtero bezala montatutako tabernan kontzertua eta giro ederra izan zuten.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun