Maio eta Maritxo etxeetako jabeei elkartasuna adierazi die Goizuetako Udalak

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 19a, 10:46
Suhiltzaileen lana goraipatu du Goizuetako Udalak

Urtarrilaren 14an sute batek kaltetu zituen herriko plazako bi etxeak

Urtarrilaren 14an  gertatutako sute baten ondorioz, Goizuetako Herriko plazan dauden bi etxebizitzak, Maiok eta Maritxok, kalte handiak izan dituzte. Etxebizitza bateko bigarren solairuko gela batean piztu zen sua eta teilatua kaltetu zuen. Zati bat erori ere egin zen. Sugarrak ondoko etxebizitzaren teilatura ere ailegatu ziren eta hau ere kaltetu eta hondoratu zuen. Zorionez, ez da zauriturik izan. 

 

Gertakariaren aurrean suhiltzaile eta bolondres taldeak erakusten duen jarrera baloratzekoa dela adierazi du Goizuetako Udalak «ezbeharren aurrean erantzun azkar bat ematea garrantzitsua baita.  Larunbatean ere argi geratu zen, beraien borondate eta herriarekiko konpromisoa zenbaterainokoa den. Horregatik guztiagatik, suhiltzaile taldeari eskerrak eman nahi dizkiogu». Horiekin batera, eskerrak eman nahi dizkiete «gertakariak zeukan larritasuna ikusita, laguntza emateko asmoz gerturatu ziren gainontzeko herritarrei ere. Honekin lotuta, azpimarratu nahi dugu suhiltzaileak direla egoera hauetarako formakun­tza jaso dutenak eta beraien esanei kasu egitea garrantzitsua dela».

Sutean kaltetutako familiei elkartasuna ere adierazi nahi diete «Udaletxeko ateak irekiak dituztela adierazi nahi diegu eta Udalaren baliabideak beraien esku daudela egoera honi aurre egiteko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun