Azkeneko hiru urteetan ez zuten suerterik izan eguraldiarekin Goizuetan eta euritik babesteko, eskolako frontoira eraman behar izan zuten feria. Aurten, ordea, eguraldiak lagundu zuen eta plazan eta plaza inguruan jarri zituzten postuak. Aurtengoan gonbidatu bereziak izan dira Iturengo joaldunak eta batzuk esaten zutenez, joare soinuek hodeiak ere uxatu dituzte aurten. Azienda, artisau eta nekazaritza produktuen postuak ikusgai izan ziren larunbatean. Aziendei dagokienez, betizuak, ahuntzak, zerriak, akurik, astoak, zaldikoak, behorrak, untxiak, oiloak, ardiak… ikusteko modua izan zen. Yandeneko atarian dolarea prestatu eta sagardoa egiten erakustaldia ere eskaini zuten Bakerotarrek, azken bi urteetan bezala. Horretaz gain, barazkiak, taloak eta baserrietako beste hainbeste produktu plazaratu zituzten. Herri bazkarian, berriz, 440 lagun bildu ziren eta herritarrek prestatutako babarrunak txorizu eta odolkiekin, haragi gisatua eta postrea dastatu zuten, giro ederrean. ondotik, ohikoa denez, zerriaren puskak zozketatu zituzten.
Egutegia
Azken urte hoietako ohiturari segituz, herriari estu lotutako gai bat hartu eta egutegia publikatu du Goizuetako Ezker Abertzaleak aurten ere, feria berari protagonismoa emanez aurtengoan eta azken hamabi urteetako argazkiak bilduz. Ohi bezala, Feri Egunean jarri zuten salgai herriko etxe guzietan zintzilikatua egonen den egutegi eder hau.