Feria aurreko asteburuko ekitaldiak ere arrakastatsuak izan dira Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2016ko azaroaren 21a

Kontserba ikastaroan parte hartu zuten ikasle eta irakasleak, gustura ikasitakoarekin. Argazkia: Felix Loiarte

Ostiral arratsaldean pintxo kalejira, larunbatean kontserba ikastaroa eta Gutik ZURA dokumentalaren aurkezpena eta igandean erreka garbitzeko auzolana egin dute

Goizuetako Kultur Taldeak, Goizuetako Udalaren laguntzaz antolatutako Azaro Kulturaleko hirugarren asteburuan ere izan da zer ikusi eta zer egin Goizuetan.  Ekitaldirik jendetsuenak larunbatean izan ziren. Goizean, Naiara Txurrukak emandako kontserba ikastaro interesgarrian 30 bat lagun bildu ziren Umore Ona elkartean eta arratsaldean, Gutik Zura dokumentala ikusteko eta Mari Jose Barriola zuzendariarekin tertulian aritzeko ere jendetza bildu zen Udaletxeko Ganbaran.

 

Aurretik, ostiral arratsaldean pintxo kalejira egin zuten dantzariekin kalez kale.

 

Azaroko azken asteburua

Azaroko azken asteburua ere emankorra izanen da. Azaroaren 25ean, ostiralean 18:30ean emakumeenganako indarkeriaren aurkako kontzentrazioa eginen da plazan., Nazioarteko Egunaren harira. 19:00etan Ganbaran, ‘Esentzia’ bere azken liburua aurkezteko asmoa zuen Ander Olaizola herriko argazkilariak, baina inprentarekin izandako arazo batzuk medio, aurkezpen hori atzeratu egin beharko du.

Nola ez, azaroko ekitaldiak hilaren 26ko artisau, nekazaritza produktu eta ganadu feriarekin borobilduko dituzte, urteko zita garrantitsuenetako batean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun