Arano eta Goizuetako mendiak ikutuz markatua dagoen ibilbide ezagun bat egitea izan zen asmoa. Gonbidatu berezia izan zuten Juan Mari Ansa, inguruko eta Euskal Herriko horrenbeste ibilbideri buruz hainbat liburu idatzi izan dituen laguna. Elkartzeko lekua Urgarata (Goizuetan) izango zela adostua zegoen eta hango jentil baratzetan "egun onak" banatu eta gero, ibilbideari batera eman zioten segida. Añoneko trikuharria pasata, Errekalkon salda bero-beroa hartuz egin zuten geldialdia. Bueltan, kaxkoz kaxko Arano eta Goizuetako mugaren lerroak zapalduz, eta aurrerago Aranoko lurretan ikus daitezken jentil baratzetaz gozatuz egin zuten bidea. Eta nola ez, bi herrietako bista zoragarrietara begiak etengabe zuzenduz, itsasoa ere lagun zutela, azkenik Oraunen (Aranon) elkar agurtu zuten bi herrietako auzokideek. Baita hurrengo batean, berriz, beste horrelako buelta bat elkarrekin egiteko gogoz agurtu ere. Hala izan dadila!
Egun bateko jaia izaten da Aranon San Martinetakoa. Talo eta gaztain jateak ez du hutsik egiten. Umeak zain egoten dira eta haiek egindako taloak jaten dituzte gero.
Gozatua ez taloak egiten bakarrik! Aurtengo ekitaldi berezia Arantxa Ansak Martzeneko lehengo panaderi zaharra izandakoan emandako Sagar jotze eta txalaparta tailerra izan zen. Duela urte batzuk herriko Ezkerren borda baserrian grabatutako sagar jotzeko irudiak jarri zituen jendeak lan hori herrian nola egiten zuten ikus zezan. Sagar jotzea txalapartarekin modu oso praktiko eta dibertigarrian lotu zuen, tartean, Arizkungo kirikoketa bestako irudiak ere erabiliz... Txikienetatik hasi eta bertaratutako zaharrenetara, denak pasatu ziren sagar jotzen eta kantari aritzera. Jose Inazioren tresna modernoagoak erabiliz, sagarra jotzen bukatu, prentsatik pasa eta muztioa edateko aukera ere izan zuten umeek taloak egitera joan aurretik.
Gure esku dago
Gure esku dagoren aurkezpena egin zen udaletxeko ganbaran San Martin eguneko egitarauarekin tartekatua. Eskualdean ze martxa dagoen azaltzera etorri ziren Goizuetatik eta hemendik aurrerako pausoak zein izango diren pentsatu beharko da orain herritarren artean. Herrian dinamika ahalik eta jende gehienari ezagutaraztea garrantzitsua izango da.