Herrietako bestetako kontuak

«Kuadrilla egunean kolore berezia hartzen du plazak, egun borobila izaten da»

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 11a, 07:00

Xabier Nieto Beltza -  Aresoko herri-langilea

Batzuk pesta egiteko besteek lan egin behar izaten dutela ongi daki Beltzak «pesten aurretik kioskoak eta taberna prestatu, herria pixka bat apaindu... urteroko lanak izaten dira». Duela ha­ma­bi urte inguru hasi zen herriko-langile bezala eta «herri ttikia izan arren, lana sobe­ran»­ izaten duela dio «denak egin beharreko lanak dira hemen. Eskolako edo udaletxe­ko bonbillak aldatzetik hasi, parkea, herriko bide eta estrata guztiak­ garbitu... eta mendian ere eginbehar dezente izaten da». Hala ere, pestetan ez direla bakarrik aritzen aipatu du «auzolanean gauza asko egiten dira pestetan. Hori da herri ttikiek duten alde ona».

Eguneroko lanei bestetakoak gehitzen zaizkie abuztu erdialdean «egunean ­zehar zikintzen dena garbitzea ere tokatzen da, baina, zikintzen ere saio bat egiten dugu. Ahal den neurrian hor ibiltzen gara pestan besteekin batera».

Pestarako tartea ere bai

Pestazalea baita oso «bertako pestetan behintzat gozatzen dugu. Aresoarrak gara eta barru-barrutik bizi ditugu». Herrita­rren parte-hartzea ere azpimarratu du «ekitaldi gehienetan ­herritarrek parte-hartzen dute». Bere ustez, egun guztiek dute bere berezi­tasuna «bezperako patata tortilla lehiaketatik azkenekoraino. Bat aukeratzekotan kuadrila eguna eta guraso elkarteak afaria antolatzen duenekoa azpimarratuko nituzke, dena elkartzen da egun berean».

Plaza kolorez betez

Kuadrila egunean plazak «kolore berezia» hartzen du «herriko lagunarte guztiak hor izaten dira. 250 biztanle pasatxo dituen herri batean 150 lagun plazan biltzea ikaragarria da». Elkarrekin «umore ­ede­rrean, denak herrikoak. Parranda egi­teko egunik politena da, gustura eta lasai egotekoa. Herri askotan ez dut uste horre­lako aukera izango dutenik».

Alde horretatik, herriko giroa azken ­urteetan asko aldatu dela esan digu «ikaragarri aldatu da eta eskerrak. Urte  nahiko zailak izan ziren tartean. Bi pesta egiten ziren, batzuk plaza zaharrean eta besteak udaletxeko plazan. Hura ere ez zen ede­rra. Orain lortu da denok elkarrekin ibiltzea eta hori gauza ederra da. Denok parte hartu eta denon artean gauzak egitea polita da oso».

Faltan eta soberan

Herriko festetan zer falta den galdetuta, «Ikurrina eta zenbait lagun gurekin egon ezina» erantzun digu. Soberan berriz, «gure herriari nahi duena egi­ten uzten ez dioten lege horiek» aipatu ditu. Eta barrurantz begira jarrita ira­tzargailuari ere atseden pixka bat eman nahiko lioke pestetan «goizero jeiki behar hori kosta egiten da batzuetan... baina, nola edo hala lortzen da denetara iristea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun