Herrietako bestetako kontuak

«Duela bi urte pentsaezina zen guretzat honaino iristea»

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 3a, 08:48

Markel Barriola, Manex Moreno, Mikel Sagastibeltza, Julen Zeballos, Oinatz Mariezkurrena eta Unai Urkiola.

 

KATEZ- Leitzako musika talde gaztea

Umetako ametsak bete litezkeenaren adibidea da Leitzako Katez musika taldea: «Txikitatik ibili gara elkarren inguruan, seiak gara musikazaleak eta betidanik izan dugu burutan talde bat sortzeko ideia.  Pentsa, ikasgelako arbelean ere idazten genuen gure taldearen izena, Minus zero» diote barre artean «eskerrak taldea osatu genuenean beste izen bat jarri genion!».

2012an sortu zen Katez eta pixkanaka joan dira kate-begi guztiak osatzen «lehenbiziko helburua taldea bera sortzea zen. Nora iritsi nahi genuen pentsatu gabe, pixkanaka joan gara aurreraka». Beste taldeen bertsioak entseatzeko bildu, beraien kantak sortzen hasi eta gero heldu ziren lehenbiziko kontzertuak «Leitzan izan zen lehenbiziko kontzertua eta gizajo batzuk ematen genuen, urduri geunden oso».

Oholtzako lehenbiziko izerdi hotzek, gozamenari egin diote orain lekua eta orduko grabazioak eta egungoak alderatuta «izugarrizko aldea» dagoela diote «denborarekin konfiantza hartzen goaz». Koxkak igotzen joateak, eskakizun maila igotzea ere badakar «maiz autoan, eskolara bidean edo dutxan sortzen zaizkigun ideiak ekartzen ditugu lokalera eta denen artean eztabaidatzen ditugu. Hasi ginenean, zerbait asmatu eta horrekin geratzen ginen; dena zen balekoa. Orain buelta gehiago ematen dizkiogu».

Bakoitzak beretik

Katez taldearen musika ezin liteke estilo bakar batekin lotu «sei taldekide gara bakoitzak musika desberdina dugu gustuko eta azkenean horren guztiaren nahasketa da Katez.  Berezia da, gurea den musika, definitzen zaila. Adibidez oso desberdinak diren bi ahots ditugu eta horrek asko markatzen­ du».

Gustuko tokian...

Lanbardon, garai batean futbol zelaiko aldagelak zeuden eraikinean, dute lokala eta hutsik egin gabe bertan biltzen dira ostiralero «hitzordu finkoa da. Gehiagotan ere bilduko ginateke baina lana, ikasketak... tarteko ez da erraza izaten». Talde hasiberria izanik, kontzertuak lortzeko ere ahalegindu egin behar, «bilatzen bilatzen, azkenean aukerak iristen dira».

Lanaren emaitzak

2015ean  Gora Iruñeak antolatutako lehiaketa irabazi zuten eta aurtengo maiatzean euren lehenbiziko diskoa kaleratu dute. Ez da izan 2016ak emandako fruitu bakarra, Gazteako Maketa lehiaketan entzuleen saria lortu eta finalisten artean izan dira. Honek guztiak, ateak ireki dizkiela aitortu dute «orain adibidez, Arantza Rockeko aukera suertatu zaigu. Skasti, Enkore eta Sorkunekin batera ariko gara abuztuaren 20an Arantzan. Aukera bikaina da, inondik ere espero ez genuena».

Udara «kontzertuak eman, pestarako tartea hartu... eta entseatu eta sortzeko garaia izango da».  Abuztuaren 6tik 15era bitartean, ordea, herriko pestetaz gozatzea izanen da lehentasuna «ez dakit gure herriko festak direlako ote den baina  hemen  baino hobeto ez dugu inon pasatzen». Pesta luzeak diruditen arren, «azkenean motz geratzen dira. Egunero huts egin gabe pestan ibili eta hala ere gogoz geratzen gara». Herri kiroletan, gazte egunean, egunak argitu arte luzatzen diren zortzi gauetan... ez dira elkarrengandik urruti ibiliko, musikak kateatu aurretik, aspaldiko laguntasunak lotzen dituelako.

Santiburtzioen ondotik, indarrak ongi hartu eta Arantza izanen da hurrengo helmuga. Abuztuaren 20an dute oholtza gainean gozatu eta ikusleei gozarazteko hitzordua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun