Ibilbide luzeko irabazleak, Ander Iñarra lezotarrak nagusitasunez irabazi zuen eta 2 ordu 10 minutu eta 13 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Bigarren izan zen Julen Ozaeta durangarrak lau minutu gehiago behar izan zituen (2:14:14) eta hirugarren izan zen Iban Iriondo zumaiarrak hameka minutu pasatxo gehiago (1:21:35). Eskualdeko korrikalariei dagokienez, bi lesakar hamar lehenbizikoetan sartu ziren: Agoitz Altzugarai zazpigarren (2:32:33) eta Xabier Maritxalar zortzigarren (2:35:33).
Emakumezkoetan, Uharteko Maider Frailek 2 ordu, 50 minutu eta 41 segundo behar izan zituen; Tanit Perez de Lezeta donostiarra bigarren izan zen (2:56:14) eta Araitz Irazu hernaniarra hirugarren (2:56:54).
Ibilbide laburrean, Hernaniko Xabi Intxauspek 54 minutu eta 30 segundo behar izan zituen 10 kilometroak osatzeko, Lasarte-Oriako Beñat Los Arcosek 55 minutu eta 36 segundo behar izan zituen eta Lekunberriko Mario Lavinek 57 minutu eta 50 segundo. Bi goizuetar hamar lehenbizikoetan sartu ziren: Xabier Narbarte zortzigarren izan zen (1:04:01) eta Iñaki Etxeberria bederatzigarren (1:05:55). Emakumezkoetan, Hernaniko Ines Arreitunandia izan zen bikorrena (1:14:16), Urnietako Elena Santervas bigarren (1:15:52) eta Urnietako Ainhoa Ziaurritz hirugarren (1:17:03). Ane Zinkunegi goizuetarrak ere parte hartu zuen eta hamabosgarren izan zen (1:24:27).
Eguraldiaren aldetik ikuslegoarentzat primerako giroa izan zuten. Korrikalarientzat aldiz, tenperatura altuegiak eta haize boladek ere ez zuten gehiegi lagundu ibilbideko puntu batzuetan. 120 korrikalarik bukatu zuten ibilbide luzea eta 55 korrikalarik ibilbide motza. 80 bolondres aritu zen lanean ibilbideko puntu desberdinetan.
Herri mailan bezperatik hasita sekulako giroa. Ilunabarrean pintxo pote ordurako kanpotar ugari eta herriko txoko asko furgoneta eta kotxen beteta. Antolatzaileen aldetik oso balorazio positiboa egin dute.