2016ko apirilaren 6an Espainiako armadako hainbat ibilgailu eta soldadu Leitzara joan ziren, eta bertan ibili ziren ibilgailu militarretan nahiz oinez, baita herriguneko kaleetan ere, soldaduak oinez eta armak eskuetan. Leitzako Udalak ez zuen maniobra eta presentzia horren berri, inork ez baitzion horrelakorik jakinarazi, eta mugimendu horiek guztiak inolako segurtasun protokolorik eta abisurik gabe egin ziren.
Mugimendu militar horiek herritarren artean ezinegona, kezka eta haserrea sortu zuten, eta hala adierazi zioten Udalari hainbat dei eta kexaren bitartez.
Hori honela, honako galdera hauek egin dizkio Dabid Anaut parlamentariak Nafarroako Gobernuari: Bazuen Nafarroako Gobernuak maniobra horien berririk? Zein da Nafarroako Gobernuaren iritzia maniobra horien inguruan, eta maniobra horiek elkarbizitzarako giroan izan dezaketen eraginaz? Eta, bestalde, eman al dio Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzari maniobra horiek Leitzako Udalean eta Leitzako biztanleen artean sortu duten ezinegonaren eta kezkaren berri?