«Bigarren mailako kirolari batentzat lehen mailan aritzea lorpen haundia da»

TTIPI TTAPA 2009ko ots. 4a, 10:26

Iñaki Agirre Apezetxea Gaztelu Leitzako erremontista

• Duela 11 urte debutatu zuen Iñaki Agirre Gaztelu (Leitza, 1975) erremontistak profesionaletan, baina urte horietan guztietan behin baino ez du lortu lehen mailako txapelketa batean aritzeko aukera. Berriki izan da, Agoitz Teilatuak Torneoan.

• Koteto Ezkurra aitzinean zuela, finalera ailegatu ziren, eta urtarrilaren 10ean jokatu zuten Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Baina bi tantoko aldea aterata, ez zuten txapelik lortu. 38-40 Urrizak eta San Miguelek irabazi zuten.

• Finala galdu arren, gustura gelditu zen egindako lanarekin, eta etorkizunera begira, ahal duen arte gogor segitu nahi du lanean.

Erremontean profesionaletan daramatzan 11urtetan, Iñaki Agirre Gaztelu leitzarrak behin bakarrik izan du lehen mailako txapelketa batean aritzeko aukera. Baina gustura dago, eta ez da guttiagorako. Bigarren mailan dabil, eta erremonteko haundienen artean aritzea poztekoa da: «bigarren edo hiru­garren mailako kirolari batentzat, lehen mailako txapelketa batean parte hartzea lorpen haundia da». Berak izan duen aukera Koteto bezalako kirolari «haundiei» zor omen die. «Kotetok desberdintasun haundia ateratzen du eta aldea markatzen duten erremontistarik gabe, zaila izanen litzateke gu lehen mailan ikustea». Hain zuzen, horixe izanen omen litzateke berriz ilusioa eginen liokeena: «lehen mailako beste txapel­ketaren batean parte hartzea».

17 urterekin eman zituen Gazteluk lehen pilotakadak erremontean, lagun batekin: «Goizuetako laguna erremontean aritzen zen, eta poliki-poliki berarekin Galarretara joaten hasi nintzen». Geroztik ehunka partida jokatu ditu. Azken bi urte eta erdian, erraterako, 257 partida jokatu ditu, eta horietatik 131 iraba­zi (%51). Baina kirolari guztien ametsgaiztoa dena ere ezagutu du Leitzakoak: lesioa. «Duela zenbait urte belauna hautsi nuen eta lau hilabetez geldirik egon nintzen». Garai txarrean etorri omen zitzaion gainera lesioa: «Kotetorekin partida bat jokatzekoa nintzen, eta hiru egun lehenago min hartu nuen». Orain, ordea, errekuperatua dago, arazorik gabe. Dena den, erdi barrez­ka, pena zerk eragiten dion aitor­tu digu: «adinean aurrera goaz! 33 urte izatea ez da 22 izatea bezala». Baina badu segitzeko asmoa, eta enpresak «geldi» erran arte segituko du.

Egunerokoaren garrantzia

Txapelik gabe, baina lanerako gogoz hasi du urtea leitzarrak. «Txapel bat irabaztea ederra da, baina egunero egin behar da lan», adierazi digu. Eta horregatik du astea hain okupatua: entre­namenduak, gimnasioa, partidak... «Partida dezente jokatzen direnez, ez dago asko entrenatu beharrik».
Frontoi luzean zein motzean, bietan moldatzen da, baina binaka nahiago duela adierazi digu.Bere zein ezaugarri nabarmenduko ote lukeen galdetuta, berriz, «erregulartasuna» erantzun digu. Eta hobetu beharrekoa? «Asko!», dio irribarrez. «Sakea eta kolpe gehiago, hanka hobeak...».

Erremontea Leitzan

Dudarik gabe, esku-pilotan izen haundiko herria da Leitza, eta jarraitzaile aunitz dituena. Eta segitzen al dute leitzarrek erremontea? «Askorik ez», dio Gazteluk. Txapelketa hau jendeak segitu due­la somatu du, baina bere hitzetan, «hedabideetan agertu delako». Erremonteari ez zaio esku-pilotari bezainbertzeko tokia egiten. Hala da. Eta komunikabideek zerikusi haundia dute. Alde horretatik, erremon­tea zabal­tzeko «egiteko asko» dagoela uste du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun