Erreka: Mendiaren Eguna

Erabiltzailearen aurpegia ErrekaKirolElkartea 2016ko aza. 14a, 20:54

Abenduaren 18an, igandea, 18:00etan eta Doneztebeko Frontoian, Simone Moro italiarra, Ali Sadpara pakistandarra eta Alex Txikon euskalherritarra izanen ditugu, Errekaren Mendiaren Egunaren barrenean. Sekulako apustua egin du Errekak, baina erran behar da urte aunitz daramazkigula goi mailako mendizaleak Doneztebara ekartzen: 2000 : Pitxi Eguillor 2001: Gerardo Plazari omenaldia 2002: Jose Ramón Aguirre ( Marron) 2003: Juanito Oyarzabal 2004: Alberto Iñurrategi 2005: Iñaki Otxoa de Olza 2006: Pou Anaiak 2007: Edurne Pasaban 2008: Mikel Zabalza 2009: Patxi Goñi 2010: Juan Vallejo 2011: Carlos Pauner 2012: Alex Txikon 2013: Alex Txikon 2014: Denis Urubko 2015: Carlos Soria Aurten, erran bezala, goi mailako hiru mendizale izanen ditugu. Bertan Nanga Parbat-en, munduko 9. mendi garaiena dena, lortutako erronkaren kontakizuna egiten, izan ere, Nanga Parbat neguan igo baitzuten eta sekulako lorpena bezala hartu izan da mundu osoan, hauek igo arte, K2 rekin batera azkeneko biak zirelako neguan igo gabeak 8000m.-koen artean. Simone Moro eta Tamara Lunger bere aldetik eta Alex Txikon eta Ali Sadpara bertzetik hasi ziren helmugaren bila, baina, azkenean, Simone eta Tamarak bere bidearen erronka alde batera utzi ondotik Alex eta Sadpararekin elkartu eta azken hauek prestatutako bidetik lauek elkarrekin saiatu ziren. Lunger tontorratik 100.-ra gelditu bazen ere bertze hirurak lortu zuten tontorra zapaltzea, Sadpara, Moro eta Txikonek, hain zuzen, eta horiek hirurek Donezteben izanen ditugu han bizitako pasadizoak erakutsi eta kontatzen. Hauetako bakoitzak bere ibilaldian lortutako erronkak kontatzen hasi eta ez akitzekoak dira, Simone Moro, bertzeak bertze, lau 8000 milako ditu neguan eginak (munduko marka hoberena), beraz, gaur egun, neguko igoeretan, hiru artista hauek eta Dennis Urubko, duela bi urte Donezteben egon zena, munduko hoberenak direla erraten ahal dugu beldurrik gabe, eta aukera ezin hobea da inguru guztiko mendizale, kirolzale eta nornahik horrelako goi mailako emankizun bat ikusteko. Sarrerak 8 euro balio du eta aldez aurretik honako puntuetan eros daitezke: - Titi Ostatua ( Doneztebe) - Intza ( Elizondo) - Errekalde ( Bera) - Maimur ( Leitza) - Urruti Sport ( Jose Maria Soroa karrika, Gros auzoa, Donostia) - Muga ( Paulino Caballero 27, Iruña) - Irusta Kirolak ( Irun) Gainera, www.erreka.org gure web orritik ere eskura daitezke. Eguna girotzeko, goizean mendi ibilaldia egin da eta ondoren bazkaria . Apuntatu Titi Ostatuan abendua 14a baino lehen Abenduaren 18an Donezteben espero zaitugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun