Euskaraldia

Euskaraldia!

Datorren azaroaren 20tik abenduaren 4ra Euskaraldiaren bertze edizio bat ospatuko da. Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial bat da eta bere helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea du. Honetakoan ahobizi eta belarriprest izateko aukeraz gain arigune ere izanen da, taldeka parte hartzeko aukera izanez.

Bakoitza bere etxetik hasi beharrean gaude, etxeko gaztelaniazko ohiturak, ohiturak bertzerik ez dira. Bikote eta familia harremanak euskaraz izan daitezkeenean zergatik gaztelaniaz egiten ditugun pentsatu behar dugu. Euskara ez da etxeko txikiekin eta txakurrarekin erabiltzeko hizkuntza. Euskara erabiliz haserretu gaitezke, euskaraz laguntza eska dezakegu, euskaraz berdin maita dezakegu. Akaso gaztelaniaz hobeki moldatzen denik ere egonen da, baina euskaraz mintzatzeko pausua ematen ez baduzu inoiz ez zara euskaraz gaztelaniaz bezain ongi moldatuko. Hasierako ohitura aldaketa hori uste baino errazagoa da eta konturatu orduko harremana erabat euskalduna bilakatuko da. Denbora, ilusioa eta pazientzia bertzerik ez dugu behar.

«Bikote eta familia harremanak euskaraz izan daitezkeenean zergatik gaztelaniaz egiten ditugun pentsatu behar dugu»

Etxetik plazara. Ostatura tragoa hartzera joaten garenean, bertze gurasoekin elkartzen edo barrideekin mintzatzen garenean ere pausuak emateko garaia da. Euskaraldiko txapa gainean eraman behar dugu, gure solaslagunari euskaraz mintzatzeko desira erakutsi. Nola ez, inguruan euskaraz ez dakien jendea dugu eta beti izanen dugu, baina tabernariari 'kafesne bat faborez' eskatzen badiot, ez du inongo zailtasunik izanen ulertzeko. Nire ez-euskaldun lagunari 'zerki egune' galde egiten badiot berehala ulertuko du, lehenbizikoan ez bada bigarrenean. Euskalduna ez den jendearekin ezin zaigu sortu blokeo sistematiko bat non gaztelania hutsez mintzatzen hasten garen. Gure lagun kuadrillan ez-euskaldun bat izateak ezin gaitu bultzatu gaztelania hutsera mintzatzera. Lagun hori kuadrillan ongi sentiarazteko gaztelaniaz egiten dugu, baina ez diozu batere laguntzen gaztelaniaz bakarrik mintzatuz. Pertsona hori zure inguruan eroso sentiarazteko euskara entzuten eta ulertzen lagundu behar zaio, bertzenaz ez da inoiz jendarte euskaldun batean egokituko. Ez dut erraza denik erraten, baina benetan lagundu nahi badiozu, pixkanaka euskarazko hitzak sartzen hasi, 'atsalde on' eta 'bihar artio' hasteko, 'zer nahi duzu edateko?' gero, 'bihar bortzetan gelditu gara' bertze batean.

Plazatik Euskal Herrira. Gure herrietatik ateratzean uste baino euskaldun gehiago gara baina ezjakintasunagatik erdaraz egiteko hautua hartzen dugu. Bada garaia lehenbiziko hitza beti euskaraz egiten hasteko. Berdin du udaletxera edo medikura joan, Iruñera erosketak egitera edo Donibane Garazira paseo bat ematera joan. Niretako segurik ederra da ezagutzen ez dudan jendeari egun ona ematean bertzeak ere 'egun on' erantzutea. Nire aurpegian maskarak tapatu ezin duen irria marrazten da, konplizitate bat sortuz. Hasi motorrak berotzen eta euskararen aldeko apustua egiten. Anje Duhalderen kantak dioen bezala, maita nazazu gutxiago eta goza nazazu gehiago. Biba euskara!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun