Baztan Ikastolak Nafarroa Oinez antolatzeko bidean urrats berriak emanen ditu asteburu honetan. Ortziralean, apirilak 10, Artea Oinez aurkeztu eta inauguratuko du Iruñeko Gotorlekuan. Goizean komunikabideei aurkeztuko zaie ekimena eta arratsaldean, 6etan, inaugurazioa izanen da Armen Aretoko ganbaran. Bertan eginen zaio omenaldia Jose Mari Apezetxea margolari baztandarrari, bera baita aurtengo omendua. Margolari garaikideen artean beteranoena da Apezetxea eta oraindik ere pintzela eskuetan Baztango paisaiak kuadroetan margotzen ditu. Apezetxea dugu Bidasoako Margolarien Taldeko aitzindaria. Artea Oinez erakusketa maiatzaren 6an Elizondoko Arizkunenean zabalduko da, eta “etxean” ere omenaldi xumea eskeiniko dio Ikastolak artista erratzuarrari.
Bertzetik, asteburu honetan, igandean, apirilaren 12an, Haurren Eguna ospatuko dugu Oronoz-Mugairin. 10:30etik 12.30era Birziklatze tailerra emanen dute Birbira taldeko Amaia Zinkunegi eta Ines Gerekak. Segidan, Zunba saioa antolatu dute, Jaione Arnalen eskutik. Ondoren, bazkari autogestionatua eta 15:30etik 17:00ak arte puzgarriak. 17:00etan "Oso printzesa iletsua" ipuin kontaketa antzeztua ikusteko aukera izanen da eta bukatzeko 19:00ak arte puzgarrietan jostatzeko aukera izanen da. Jostatu eta gozatu gurekin!.