N-121-A

Bonba tranpak errepidean

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Taberna Irazoki 2021ko api. 17a, 09:00

Kantari poeta beratarrak aski garbi erran zigun orain dela urte batzuk: Errepideak ez ditut maite. Nik ere ez, batere. Arrisku handiko makinak ibiltzen baitira hor barna nolanahi: min egiten ahal duten armak. Batzuk arinak eta bertze batzuk ongi pisuak; zenbat eta handiagoak izan, orduan eta kalte handiagoa egiteko kapaz direnak. Badugu horren berri N-121 A eta B baliatzen dugunok. Halakoekin, norbaitek edo zerbaitek huts eginez gero, ez da misterio oinazea parrastaka hedatzea.

Gutako bakoitzak ere parte hartzen du karrika dantza makabro horretan. Zu eta ni bezalakoen eskuek gidatzen dute bolantea, eta badakigu ez garela denak igualak eta ez garela beti berdin egoten. Egun guziak ere diferente dira: ateri dagoen edo elurra jori-jori ari duen, edo euria jautsi ahala, edo kazkabarra, edo lainoak itsutzen gaituen, ez da gauza bera izaten.

«Iruñea eta Behobia edo Dantxarinea lotzen dituen errepideak baditu bi bonba tranpa bederen: Belateko tunelak»

Gure gain dago kontu handixeagoz edo ttikixeagoz zirkulatzea geure zaldi-behor motordunekin, karretera guziek izaten baitituzte toki gaiztoak, errebuelta zitalak, gune beltzak, gerra zelaietako mina lehergarriak balira bezala, non hagitz erne ibili behar duzun ezbeharrik ez izateko. Baina, horietaz gainera, Iruñea eta Behobia edo Dantxarinea lotzen dituenak baditu bi bonba tranpa bederen: Belateko tunelak.

Herrietako alkateak eta Oronoz-Mugairiko suhiltzaileak ikusi ditugu aitzin horretan prentsako argazki batean, pankarta bat eskuetan: Belate – Arrisku handikoa – Segurtasuna orain!

Aspaldi abisatu zioten Nafarroako Gobernuari tunel horiek ez dituztela segurtasun baldintzak betetzen. Haien barrenean zaudela, suak hartzen badu automobil edo kamioiren bat, inork ez dizu bizirik aterako zarela ziurtatzen. Hamabortz urteko epea eman zieten gure agintari ttattardunei hori konpontzeko behar diren neurriak hartzeko. Gure biziak salbatzeko esperantza emanen ligukeen txerto moduko bat paratzeko tuneletan. Hamazazpi urte pasatu dira (kolore bateko eta bertzeko bortz gobernu agintean), eta kaka zaharra. Berdin segitzen dugu.

«Deus egiten ez duten bitartean, zuk eta nik segituko dugu tunela gurutzatzen kezkaturik»

Estatistikek erranen digute zer posibilitate dagoen inork nahi ez genukeena gertatzeko. Baina deus egiten ez duten bitartean, zuk eta nik segituko dugu tunela gurutzatzen kezkaturik, pentsamendu ilunak burutik uxatzen, sartu bezain agudo ateratzeko zenbat falta dugun kontatzen, eta pentsatzen agian ere ez zaigula tokatuko, gure izenak ez direla biharamuneko kronika beltzean agertuko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun