Hasteko, erranen dut kanpaldi horretan ni ez nintzela egon, gaztea nintzen, gazteegia akaso. Hori erraten zidan amak behintzat, baina nik beti erran izan dut inoiz ez zarela gazteegia borrokatzeko. Kanpaldi ondotik, oroitzen dut Elizondon egin zen manifa potente hura, Elizondotik Lekarozeraino. Orduan apenas ez nuen lagunik, edo ez behintzat iraunkorrik, edo konfiantzazkorik. Oroitzen dut manifa horretan bakarrik pasatu nuela bide luze hori. Baina hori ez da garrantzitsuena.
Hortik aitzinerat, eta ikasle mugimenduan hasi ahala, ikusi nuen ez nintzela geldirik egoten ahal, kritikoa izan behar nuela, eta nahiz eta amak ez utzi, mugitzen hasi behar nuela. Hor hasi nintzen herri mugimenduan mugitzen, eta hor hasi nuen nire lagun kriminalekin harremana. Nork erranen zidan etxean hainbertze mugatu zidaten horrek nire barnean hainbertze okupatuko zuela, hainbertze, non orain ez dudan imajinatzen neure burua herri mugimendutik kanpo. Nire ahalduntzea, dudarik gabe, militantziak ekarri du, eta manifa hartan bakarrik egotetik orain naizen pertsona izatera pasatu naizela ikusteak begiak malkoz betetzen dizkit, eta lerro hauen bidez eskerrak eman nahi diot militatzera animatu ninduenari.
Bai, lehenagoko Markelek ez zuen erranen orain ditudan lagunak izanen nituela, eta gutiago nire lagun hoberenak kartzelan sartu nahiko zituztela. Ikaratzen nau egunero ernatu eta denbora batez haiek gabe bizi beharko dudala pentsatzeak. Baina ikara horrek borrokarako grina gehiago ematen dit.
Hilabeteak pasatu dira Aroztegiko Elkartasun Komitean militatzen hasi nintzenetik. Eta borrokarako grina egon, badago, baina indarra? Bai, badago grina eta indarra, baina manifa hiper potente bat prestatzen azala eta hatsa uzten dituzunean, nekatu egiten zara, eta ez da erraza berriz aktibatzea.
Nekagarria da sei hilabete topera egotea, baina tokatzen da. Bai, nekagarria da, baina lehen aipatu dudan ikara horrek aktibo egotera narama eta bai, kanpotik badakit aktibo ikusten dela nire gorputza borroka honetan. Baina ikara hori aldentze aldera, bilera batzuetan huts egin dut, eta pisutsua egiten ari zait dena kudeatzea, emozio aunitz kudeatu behar dira momentu berean, eta ez da erraza. Ez da erraza zure lagunak kartzelara joateko arriskuan daudela ikustea. Ez da erraza epaiketa hurbildu ahala momentu hori ailegatuko dela asumitzea. Ez da erraza izanen maiatzaren 19tik 23ra Iruñeko epaitegietara hurbiltzea. Ez da erraza izanen egun horietan emozio bonba hori kudeatzea. Baina egin behar da. Nire partez ez duelako inork eginen. Maiatzean Iruñean ikusiko dugu elkar. Han espero zaituztet.
Eta epaituko dituzten lagunei, besarkadarik estu eta beroena, zuek gabe ni ez nintzatekeelako orain naizena izanen. Muxurik potoloena zuendako. Maite zaituztet.