Kriminal izendatzen zaituztenean

Badaude bizitza gehiago edo guttiago markatzen duten pasarteak. Memorian gehiago edo guttiago iltzatzen direnak. Memoria arras txarrekoa naiz ni, gehienetan ez dut oroitzen atzo zer bazkaldu nuen ere. Aroztegiko erresistentzia da neure buruko paretetan grabatuta gelditu den une horietako bat, bertze lagun aunitzek bezala.

Dagoeneko urte aunitz pasatu ziren hasieratik. Gu gatazka honekin hazi gara herrian. Eboluzionatzen ikusi genuen, munstro bilakatzen. Hasmentan hotela zen, gero golfa eta hamaseigarren herria. Nerabe ginela ikusi genuen nola behartu zituzten herriko barrideak haien belaiak proiektuan sartzera, eta sentitu zuten inpotentzia. Guk guttienez ezagutu genuen herria beti izan den modukoa izaten, zalantza zen etorkizuneko belaunaldiek hala jasoko zuten edo ez.

Gatazka bizi-bizia zen urte luzez. Gaztarora ailegatu ginen gu, eta militatzen hasi ginen, barrenak mugituak genituen. Urte haietan, aldiz, bazen nolabaiteko isiltasun bat. Tentsio haundiko isiltasuna zen, bagenekien noizbait hasiko zela enpresa bere asmoak aitzinera eramaten, baina noiz? Auskalo.

Gu hazi ginen, eta proiektua ere hazi zen gu egin orduko. Biak parez pare topatu ginen orduan, hor hasi zen egiazko norgehiagoka. Herria versus munstroa. Pandemia garaian sartu behar ziren, noski, lo geundela uste zutelako. Ez zen hala izan, ordea. Bagenekien desobedientzia ez zaiola inoiz merke atera herri honi. Lekarozko plaza poliziaz hartua oroitzen dut, nola kontrolatzen zituzten herriko sar-atera guziak, zeinen erridikulu bezain bortitz armatu ziren polizia horiek.

Gure garaiko gazte batek ez du aise pentsatzen zigorrak bortizki joko dionik. Ez omen zegokigun guri, iraganeko afera omen zen. Ni ere irentsi ezinik nabil oraino. Zertaz gu eta ez bertze batzuk? Zertaz kartzela mehatxu hau? Bizi osorako izorratuko gaituzte 43 milioirekin? Jendeak galdetzen du tarteka, zer moduz daramagun afera. Lerro hauek apropos izan daitezke denei erantzuna emateko.

Nekatuta sumatzen dut neure burua, bertzeek ere berdin bizi dutela uste dut. Galdu dut mobida gainera erori zitzaigun egunetik orain arteko kontaketa, bi urte, hiru? Ez dakit dagoeneko. Epaiketa noiz izanen zen jakinarazi ziguten momentutik honako tartea luzeago egin zait gainera. Hasmentan bi hilabete izan behar ziren, eta gero sei. Sei hilabete asteroko bileretan, harat eta honat hitzaldiak ematen, prentsaurrekoak, abokatuarekin bilerak... Eskerrak jende multzo bat laguntzeko prest agertu den, baina dena behar.

Hilabete bakarra falta da epaiketa egiteko. Uste dut orain hasiko direla tripak datorrena asumitzen. Gure esku dagoena egitea dagokigu, gainontzekoa haien esku dago. Tresna bakarra daukagu, ongi artikulatzen bada benetako eragina izan dezakeena: herritarren mobilizazioa. Otsailaren lehendabizikoa ikaragarria izan zen. Berriz errepikatuko bagenu?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun