Utopiak utopia

Hara non, nire hitzek erantzuna jaso duten. Mikel Sagastibeltza irmoki zuzendu zen niregana, eta gauza polita ere iduritu zait gertakizuna, Mikelen lekuan orain dela 30 urte ni neu izan bainintekeen.

Nire maiatzeko idatzia eta erantzuna ikusiz, ohartua naiz preseski nire burutazio hartan nioena gertatu dela, zeinean zaharrago batek (nire amatxi kasu hartan) zioenari zuzenketak egiten zizkion gazteagoak, zaharrago hura nonbait okertua zelakoan. Hala ere, ez naiz ausartuko nik arrazoia dudanik erratera.

Nik ere berak bezala utopia posible zela sinesten nuen gaztaroan, uste nuen utopian sinesteari utzi zioten ni baino zaharrago haiek horretara ailegatu zirela ametsei uko egin zietelako edo ezjakinak zirelako. Nik ez nion utopiari uko eginen, nik bai jakinen nuen nola ekin. Gaztetasunaren harrokeria, jakinduria ez baitute eskolako ikasketek edo buruko ametsek ematen, eguneroko bizitzak baizik. Ez nolanahiko eguneroko bizitzak, ordea, bizian egiten dugun ibilbide honetan ikusitakoak eta ikasitakoak baizik. Ikusi, ikasi, eta ondo entzuten badugu (Delirium Tremens taldeak zioen bezala), ohartuko gara, topikoa badirudi ere, zenbat eta gehiago jakin, orduan eta gehiago dugula ikasteko eta galdetzeko.

Beharbada nik ez dakit zer den komunismoa, ez baitut ezta Marx ete Hengel-en Adierazpen komunista ere leitu, eta berriz diot, nik bezala karrikan galdetu diezaiokezun edozeinek ere ez. Beharbada ez dakit zein den komunismo gaurkotuaren ildoa, baina gauza bat dut garbi ni ere utopiaren ametsetan ibili eta gero: ez dut gogoko diseinatutako gizarte bat ezartzearen ideia, ez zait axola nork, langileak, alperrak edo jauntxoak. Zer eginen dute «langileek» nik ez badut gogoko haiek ezarri nahi duten utopia? Nor dira langileak? Ni autonomoa naiz, zer naiz langilea edo jauntxoa?

Orain baino mugimendu jendetsuagoetan ibilia naiz ni ere, intsumisioa, gaztetxeak, independentzia. Eta orain zer? Hor ibili ginenak eta orain 50 edo 70 urte ditugunak, azkenean denek dituzten arazo eta poz berak ditugu: osasun, harreman, edo diru arazoak, heriotzari beldurra, edo lagunarte eta familiak ematen dituen pozak, etxe goxo batenak, ibilaldi atsegin baten lasaitasuna, edo gure barrenean bakea sentitzea.

Mikelek bi zakuetako batean sartu nau, ni ezagutu gabe (horixe dugu idealismoaren harrokeria, ni lehenbizikoa horretan), zeinetan naizen zehaztu ez badu ere, etikarik gabekoenean edo ezjakinenean. Nik ere uste dut bi motako gizakiak garela, alegia, bizian urteak pasatuta ere, gauzak berdin ikusten dituena, eta bertzalde bidaian aitzinera egin ahala, perspektiba eta ikasketak zabaltzen dituena.

Hala ere, hirekin solastatzeko prest, alkoholik gabeko utopian sinesten dutenek uzten nauten bitartean, nik kapitalismoari esker eskuratutako Cardenal Mendoza brandy batekin eta hik nahi dukeenakin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun