M8, BASAKERIA HETEROPATRIARKAL KAPITALISTAREN AURKA, FEMINISMOA ZORROZTU!

Martxoaren 8an, Goldatzek antolatutako kalejiran 120 bat pertsonak hartu dute parte, eta hagitz kontent agertzen gara bertako kideak. Kalejirako ibilbidea, Mukixu zubian hasi eta Altzateko plazan akautu dena, Lesakako batukada talde hasi berriak girotu du eta bukaeran Goldatzeko kideok irakurketa egin dugu (Euskal Herriko Bilgune Feministaren idatzi bat egokitua): "Nahiz eta egunero ospatu behar den martxoaren 8a, gaurko eguna ospatzeko modukoa dela erran beharra dugu eta gaurko irakurketa honetan basakeria heteropatriarkal kapitalistaren aurka egiten dugu. Oraindik sinestarazi nahi digute kontsumoak etorkizun hobera eramanen gaituela, baina aurrerabide kapitalistaren ametsak hautsita daude. Testuinguru suntsitzaile honetan bortizkeria patriarkala are gogorragoa da eta emakumeon bizitzari etengabe erasotzen dio, baina ez dira konturatzen gizartean ezinbertzekoak garela! Gu feminismoa zorrozten ari gara basakeria horren ordezko alternatibak eraikitzeko. Kapitalismoa ez da berregiten emakumeak azpiratzen ez baditu. Emakumeok planto egiten badugu, dena gelditzen da! Horregatik gure feminismoa antikapitalista, subertsiboa eta erradikala da. Feminismoa zorroztea beharrezkoa da bortizkeria matxistatik babesteko; lan merkatuko erasoei aurre egiteko, bizi gaituen lurra zaintzeko. Feminismoa, gure jakintza eta praktika politikoak, gure aliantza eta sareak zorrozten ari gara, hegemonia berri bat sortu nahi baitugu, sakoneko eraldatze soziala posible eginen duen hegemonia. Gure armak zorrozten ari gara zibilizazio berri bat eraikitzeko, zeinak guztiontzako bizimodu duina ziurtatuko duen. Basakeria heteropatriarkal kapitalistaren aurka, FEMINISMOA ZORROZTU! Bide batez, salatu nahi dugu “Hazte oír” izeneko autobusa; gorrotoaren bus honek egunotan aurreikusia zuen Euskal Herrian zehar ibiltzea, transfobia hedatzen, LGTB kolektiboari eta seuxu-aniztasunari erasoka. Horretaz gain, Sara eta Izarreri ere gure babes osoa eskaini nahi diegu. Izarrekin batera Sara ere etxera! Gutako bat ukitzen badute, guztiok ukitzen gaituzte. EGUNERO DA MARTXOAK 8, GORA EMAKUMEON BORROKA!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun