NIRE ARDURA ERE BADA

Inauterietatik bi aste iragan diren honetan, anitzeri pasatu izanen zaizue bestak utzitako arrastoa... Berakoak, aurten ere koloretsuak, parte hartzaileak eta alaiak izan dira. Adin eta mota guztietako herritarrontzako lekua izan baita.

Gure sormena lantzeko aukera paregabea eskaintzen digute inauteriek eta sormena, pertsonon garapenerako gakoa izanik, zergatik ez hortarako erabili, behin eta berriz betiko leku berean zangotrabatu beharrean?

Inauteri astelehenean ikusi eta pairatutako adibide sexistei buruz ari gara, orgak, jarrerak, hitzak...Baina adibide beretsuak inauteri guztietan behin eta berriro errepikatzen dira, beti leku berean zangotrabatzen garen harri koxkorrak. Bestondoak luze irauteko arrazoiak...

Mozorro dantza horren gibelean, bada ausart eta eroso sentitzen denik. Berezko izaera lotsatiaren gordailu paregabea baita egun hauek eskaintzen digutena. Kolore eta umore saltsa horren baitan ordea, guztia ez da zilegi. Badire besta eguna izatea soilak mugitu arazi ezin dituen eta emakumeon errespetuan oinarrituta dauden zenbait marra. Behin marra hoiek zapaldu edo gurutzatzean, mikromatximoa edo sexismoari buruz solas egiten ahal dugu.

Egun, ohituta gaude emakumeon aurkako eraso bortitzak salatzera, bortxaketa eta erahilketa kasu. Baina orain arte, emakumeon rola lotsa eta erruz bilduta zegoela barneratu eta sinetsarazi badigute ere, hemendik aitzinerat, egoera mikromatxistez jabetu, hauek plazaratu eta salatu eginen ditugu. Sotilagoak direla iruditu arren, jarrera hoiek ere gure duintasuna eta emakumea bere osotasunean errespetatu eta onartzearen aurkako ekintzak direlako.

Inork ez genuke nahi gure herria, Gasteiz, Tolosa, Altsasu eta Lantzen gertatutako eraso sexisten zerrendan sartzerik.

Egunen batean, jarrera eta eraso sexistarik gabeko inauteriak ospatuko ditugu eta mozorro besta honetatik at, gure herriko edozein ospakizunetan ere, sistema patriarkalak inposatzen dizkigun genero estereotipoak ez ditugu auspotuko ez erabiliko. Horretarako aukerak egon, badaudelako.

Ziur gaude, besta egunetan bezala egunerokoan ere Beratarrok, bakoitzak gure ahalegintxoa egiteko gai garela, emakume izate soilagatik inor baztertua, zapaldua, iraindua, gutxietxia edo humilatua ez izateko.

Bihen bitartean, egoera zapaltzaile hau aldatzeko ardurak guztiona izaten jarraituko du, nola gizon ala emakumeona.

 

GOLDATZ
Berako Emakume Talde Feminista

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun