Joan den aste hondarrean hasi zituzten kultur egunak aranztarrek. Bertzeak bertze, dokumentala, liburu aurkezpena, instrumentu tailerra, bakarrizketa eta Baserritarren Eguna izan zituzten (ikusi hemen orduko argazkiak). Asteburu honetan kultur egunei segida emanen diete.
Alde batetik, larunbatean, azaroaren 7an, 16:00etan partxis txapelketa eta 17:00etan mus txapelketa eginen dituzte Ekaitza Elkartean.
Igandean, berriz, bertso saio musikatua izanen da. Bertsotan Kattin Madariaga Apaolaza aranztarra, Joanes Illarregi Marzol leitzarra, Ekhiñe Zapiain Arlegi beratarra eta Jon Gurrutxaga Urbieta azpeitiarra ariko dira; musika jotzeaz Andoni Mazizior Mitxelena aranztarra eta Nahia Baylon Urtasun iruritarra arduratuko dira, eta gaiak emateaz, berriz, Itziar Mitxelena Gamio aranztarra. 18:00etan eskolako gimnasioan hasiko da.