Ortziralean, Euskaldunak etxean arrotz dokumentala pantailaratu zuten liburutegian. Irati Urdalleta egilea ere bertan izan zen eta dokumentala ikusi ondotik, solasean aritu ziren bildutakoak.
Larunbat goizean, berriz, Jakoba Errekondok eta Markel Arriolabengoak Zuhaitzak eta Arbolak liburua aurkeztu zuten liburutegian, eta arratsaldean, haurrek aski tarte polita pasatzeko aukera izan zuten Aliritzi taldearekin egindako instrumentu tailerrean eta erromerian.
Igandea, berriz, egun handia izan zen, Ekaitza Elkarteak antolatuta, Baserritarren Egunaren XXX. edizioa egin baitzuten aranztarrek. Aro ederra lagun, eguna borobil atera zen. Merkatu bihurturiko herriko frontoian hogei postu paratu zituzten. Horietako lau barazki eta eskulanen erakusketa mahaiak izan ziren eta gainerakoak salmenta postuak: zerrikiak, opilak, barazkiak, ogia, gozokiak, eskulanak, bitxiak, joskintza, osagarriak, arropak... denetarik paratu zuten salgai. Eskolak eta guraso elkarteak paratutako ostatuan, berriz, jatekoak eta edatekoak eskaini zituzten, eta plazan, berriz, azienda poliki bildu zen.
Asteburuan gehiago
Kultur egunen lehenbiziko zatia eginda, heldu den asteburuan izanen dute segida. Larunbatean, azaroaren 7an, 16:00etan partxis txapelketa eta 17:00etan mus txapelketa eginen dituzte Ekaitza Elkartean. Igandean, berriz, bertso saio musikatua izanen da Kattin Madariaga, Joanes Illarregi, Ekhiñe Zapiain eta Jon Gurrutxaga bertsolariekin eta Andoni Mazizior eta Nahia Baylon musikariekin. 18:00etan eskolako gimnasioan da hitzordua.