Info gida 2026

«Haragia eta arraina brasan egiten ditugu eta jendeak hagitz gustura jaten du»

Ttipi-Ttapa

Iker ZUBIETA IRIZAR, Zubiondo jatetxeko sukaldaria.

«Martxa ona» dute Alkaiagako Zubiondo jatetxean, Iker Zubietak kontatu duenez, «aste tartez hagitz ongi egiten dugu lan eguneko menuarekin eta asteburuetan, eguneko menuaz gain, menu bereziak, plater konbinatuak, bokatak eta karta izaten ditugu».

«Betiko jana» egiten dute bertan, «orain, negu partera, etxeko tripakiak, zerri hankak, odolkiak…Horrez gain, haragia eta arraina normalean brasan egiten ditugu. Txuleta aunitz eskatzen digute eta arraina ere hagitz gustura jaten dute: amuarraina, lupia… egunero izaten ditugu bi arrain diferente». Gainera, «sagardotegiko menua ere eskaintzen dugu».

Uda «ongi» joan da, «baina bertze urteetan baino lasaiago», eta orain udazkenari begira daude: «usoa menu berezirako egiten dugu, eta jende aunitzek ekartzen dizkigu ehizatutako usoak, prestatu eta etxera eramateko». Bezero aldetik ere ez da kexu, «aste tartez langile aunitz etortzen dira eta asteburuetan edo egun seinalatuetan inguruko jendea ere bai. Gainera, bide berdetik hurbil gaudenez, bizikletan pasatzen den jende aunitz gelditzen da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun