Euskal Artzainak Ameriketan Elkartearen hondarreko besta eginen dute igandean Lesakan

Ttipi-Ttapa

Ameriketan artzain ibilitakoen lehen besta 2006an egin zuten Lesakan eta, hogei urte beranduago, Lesakan bertan itxiko dute zikloa.

Goizeko ekitaldietan, txaranga, zaldunak, karro kanpoa, meza eta Zubigainekoa izanen dute eta bazkaria pilotalekuan, Menditarrak eta Erramun Martikorena kantari dituztela.

Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak antolatutako hondarreko besta eguna eginen dute irailaren 27an Lesakan, Ohore zuri euskal artzaina, ohore zuri atta! lelopean. Hain zuzen, lehenbizikoa ere herrian egin zuten duela hogei urte, 2006an, eta igande honetako azken bestarekin borobildu nahi dute ibilbidea. Laura Igantzi Mitxelena, elkarteko sortzaile eta presidenteak, agurreko besta honetan omenaldia eskaini nahi die gurasoei, «beraiek izan direlakoz lan hau egitera bultzatu nautenak».

Irailaren 27ko egitaraua

10:00etan ongi etorria eta hamaiketakoa plazan. 10:00etatik 11:45era txaranga, zaldunak, karro kanpoa… 11:45ean mezara ezpata dantzari ttikien gibeletik. 12:00etan Meza, Lesakako Abesbatza, Menditarrak eta Erramun Martikorenarekin. 13:15ean Ezpata dantzariek Zubigainekoa dantzatuko dute, txistulariek lagundurik. 14:00etan high ball eta bazkaria pilotalekuan, Menditarrak eta Erramun Martikorenarekin. 19:00etan bukaera.

Angel Yanci lesakarra, Elkoko (NevadaI rantxo batean ibili zen artzain. Gurasoak omendu nahi ditu Laura Igantzik, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko presidenteak urte honetako ospakizunean

 

Hogei urteko zikloaren bukaera

Aurtengo ospakizunak 20 urteko ziklo baten amaiera markatzen du; garrantzi handiko ekitaldia izan da, eta data seinalatua artzain aunitzen eta haien familien egutegietan. Aurtengo topaketa ere arreta handiz prestatu dute, eta elkarteak bermatu nahi du denek oroitzapen zoragarriak eramatea eta eguna merezi duten moduan gozatzea; izan ere, «haien lan gogorra eta Ameriketan utzitako arrasto positiboa omentzeko diseinatutako eguna da. Herrialde horrek aintzat hartu du lan gogorrean, konpromisoan eta zintzotasunean, hitza betetzean, oinarritutako ondarea. Jatorrizko lekuetatik milaka kilometrora egonda ere, tradizioak, hizkuntza eta kultura maite dituen herri baten irudia islatzen du horrek», aipatu digu Laura Igantzik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun