2005ean hasi zineten Ameriketan ibilitako euskal artzainak biltzeko asmoarekin… Nola gogoratzen duzu hasiera hura?
2005ean nire aita [Angel Yanci] gonbidatu zuten Arantzazun egin zen artzaintzari buruzko kongresu batera, Artzain Munduak antolatua. Nafarroatik aita eta lauzpabortz sunbildar joan ziren. Aitaren berri nola ote zuten galdetu nien eta urte batzuk lehenago Legazpin egin zen Artzain Bestan izan zen. Horrek ere badu bere historia: Nire anaia Julian besta horretara epaile modura joatekoa zen eta aipatu zioten Euskal Herritik Ameriketara joandako herrialde bakoitzeko artzain bat gonbidatu nahi zutela eta ea Nafarroatik joandako bakarren bat ezagutzen ote zuen. Bazkari batean amari galdetu zion eta amak: ‘Zure aita igual?’. Bera eta senide guziak Ameriketan jaioak garen arren, ez zen oroitzen aita han artzain ibilia zela! Aita, bere bi anaiak… Bere izena eman eta horregatik gonbidatu zuten Legazpiko bestara. Gehiago ba ote ziren galdetu zidaten eta noski! Lesakatik ia baserri guzietatik eta zenbait kasutan anaia guziak joanak ziren, Sunbillatik ere hainbat joanak ziren eta bere besta egiten zuten urtero, gure inguru osotik. Baina orduan, Artzain Munduan ez zekiten. Lesakatik joandakoen zerrenda egiten hasi nintzen aitarekin, Irubideko Evaristo Otxotekorekin bildu ginen (hau ere Ameriketan izandakoa) eta nor joan zen, nondik, zergatik, han zer harrapatu zuten, hasten ziren istorioak kontatzen… Nik, alaba izanik, ez nuen hura ezagutzen eta nolabait zabaldu behar zela iruditu zitzaidan. 2005ean egin genuen lehen topaketa ttiki bat, Beti Gazteren egoitzan egindako hitzaldi batekin. Artzain batzuk jendaurrean ez ziren ausartu, baina gero bertze hainbat kontu aipatu zizkidaten. Niretzat berezia izan zen, topaketa hura izan baitzen nire aitak ezagutu zuen bakarra. Hortik atera zen liburu bat egin behar genuela eta ez genuen Lesaka bakarrik egin behar, Bortzirietako artzainena egin genuen. Eta hortik atera zen hurrengo urtean besta handiago bat egiteko ideia.
Urtebete beranduago, beraz, lehen besta eguna Lesakan…
2006an egin zen eta hori ez zuen aitak ikusi. Niretzat hagitz gogorra izan zen, aita hil berria eta Bortzirietako artzainen liburua zuzentzen… Amak erran zidan honekin segitu behar nuela, aitaren oroimenez, eta egin zen 2006ko besta, liburu bana oparitu genuen artzainei eta jende aunitz bildu zen Lesakan.
«Artzain baten alaba izanik, ez nuen haien historia ezagutzen eta zabaldu behar zela iruditu zitzaidan»
Eta geroztik, urtero urtero egin duzue besta? Zein herritan ibili zarete?
Hurrengo urtean, 2007an, Artzainak Munduan elkartearen eskutik Gernikan eta Alduden egin genuen, 2008an Elizondon (hau izan zen jendetsuena, 700 lagun ginen bazkarian), 2009an Auritzen, 2010ean Sunbillan, 2011n elkartea osatu genuen eta hori izan zen gure lehen besta ofiziala Eugi eta Zubiri artean, 2012an Iruñean, 2013an Donibane Garazin… Orduan egin genuen gure lehen bidaia Kaliforniara, 80 lagun. Momentu ikaragarriak bizitu genituen. Gero, 2014an Bardeetan egin zen eta han eskaini ziguten sarrerako tiro hori elkarteak botatzea. Artzainak ardiekin Bardeetan sartzeko seinalea izaten zen eta urte hartan egin zen azken aldiz. Artzainek esperatzen zuten tiro hori, arrapaladan bakoitza bere artaldearekin bere eremua hartzeko, baina ordurako, eremuak aitzinetik emanak izaten zituzten eta ofizialki tiroa egin zen azken urtea izan zen. Petilla Aragoiko artzain bardenero batek egin zuen. Gaur gaurkoz, 90 urtetik goiti ditu eta oraindik ardiak ditu, baina hobby bezala. Erribera aldetik ere Ameriketara joandako artzainak badira eta orain ari da Corellako mutil bat bilketa egiten. 2015ean Beran egin genuen eta orduan Boiseko jaialdira (Idaho, AEB) ere bidaia antolatu genuen, 2016an Izaban, 2017an Legazpin, 2018an Lekunberrin, 2019an Erron, 2023an Urdazubin (Xaretako artzainen datuak bildu eta liburua argitaratu ondotik), 2024an Berueten eta 2025ean Donezteben.
Zenbatsu artzain biltzen duzue ospakizunetan?
Egia erran beti herrenka antolatzen genuen, baina gero ikusten zenituen artzainak hain kontent, emazteak eta seme-alabak hain kontent… Ni bezala, etxean genuen horrelako bizipen bat eta ia ez genuen baloratzen. 2011n osatu genuen elkartea, ikusi genuelako ari ginela material bat biltzen, gauzak egiten eta hobe zela elkarte bezala antolatzea. Zonalde bakoitzeko norbait hartu eta Euskal Artzainak Ameriketan osatu genuen.
Urte hauetan guztietan, seguru, hainbat anekdota edo pasadizo izan direla? Historia bereziak/hunkigarriak… bada bakarren bat zuri hunkitu zaituena?
2013an Kaliforniara joan ginenenon artean, artzain ibilitako Felipe Arozamena lesakarra eta bere emaztea, Amaiurko Elena Etxegarai joan ziren. Elenak bortz senide zituen Ameriketan, bera ttikia zenean joandakoak, eta 45 urteren ondotik ikusi zituen Bakersfield inguruan. Bi ahizpa Iparraldeko bi artzainekin ezkonduak eta tarteka etortzen ziren, baina anaiak ere han bizi ziren. Familia osoa sekula ez zen elkartua. Hunkigarria izan zen. Sunbillako Jorajuriatarraren historia ezagunagoa da. Aita eta bederatzi seme joan ziren [seme zaharrena eta arreba bakarra bakarrik gelditu ziren Sunbillan]. Aita joan zen lehenik eta negozio bat jarri zuen han martxan, baina emakume euskaldun batekin ezkondu nahi zuen eta Sunbillara bueltatu zen. Sei seme zituela, negozioa zaintzera Ameriketara bueltatu behar zuela eta abiatu zen, baina aireportuan ez zioten utzi, emaztea eta sei seme hemen utzita joatea ‘familiar abandonua’ zela eta ez zuen joaterik izan. Denera, hamar seme eta alaba izan zituen eta, erran bezala, bederatzi seme joan ziren Ameriketara artzain. Lesakatik, Nicolas Fagoaga eta nire osaba, Beñardo Yanci, Elkoko Euskal Etxearen sortzaileak izan ziren eta Juanito Telletxea Arria, San Franciscoko Euskal Etxekoa. Juanitok, gainera, Lesakako ezpata dantza erakutsi zien hango dantzariei. Lesakan ohartu ziren Zubigaineko dantzaren puntu bat galdua zela eta San Franciscoko taldeak mantendua zuen eta haiei esker, hemen ere berreskuratu zen. Elias Huizi igantziarra gau lanetan moldatzen zen, baina ‘txibatazo’ baten ondorioz gauero etxe inguruan izaten zituen karabineroak. Seme-alabak zituen, baina haiei jatera emateko modurik ez eta Ameriketara joatea erabaki zuen. Harekin Ameriketan izandako artzain batek kontatzen zuen zer negarrak egiten zituen Eliasek etxetik karta hartzen zuenean. Bere semeari, berriz, airean ikusten zituen hegazkin guzietan aita zetorrela bueltan iruditzen zitzaion. Badira hainbertze istorio hunkigarri!
«Amaiurko Elena Etxegarairen familia osoa lehen aldiz elkartu genuen 2013an Kalifornian, 45 urte eta gero»
Eta zikloa borobiltzeko, aurten berriz Lesakan… Nolabait gurasoei ere omenaldia egin nahi izan diezu…
Aitaren bidez hasi genuen proiektua eta ama izan dut akuilua urteotan, biak falta dira eta biek omendu nahi izan ditut. Bertzetik, urtetik urtera artzain guttiago bizi dira eta ospakizun honen helburu nagusiena artzain horiek berriz biltzea zen, beraien eguna izatea. Orain adin bat badute eta erantzukizun handia da. Seme-alabek, ilobek, bilobek ere disfrutatzen ahal dute, baina ez da gauza bera. Hogei urteren buruan deskantsua hartuko dugu, gero ikusiko da.
Orain gauden museoa osatzeko asmoa noiz izan zenuten? Nola izan zen egin arteko prozesua? 2021eko abenduaren 21ean inaugurazioa… Geroztik zer martxa izan du
Erakusketak, bestak, hainbertze ekitaldi egin ditugu, baina gero ikusten genuen hor erabiltzen genuen materiala, kartelak, edo artzainek Ameriketatik etorritakoak erakusteko leku egoki bat ez genuela. Tomas Ibarrak datuak biltzen izugarrizko lana egin zuen eta museoko goitiko solairuan ditugu orain. Amets Inda Sunbillako alkateak ere lan batzuk egin zituen, nik ere… Eta zer egin material horrekin? Eta zergatik ez museo bat eta horrela aprobetxatzen dugu jendeari gehiago erakusteko… Harremanetan paratu ginen hainbat udaletxerekin eta Elgorriagakoak eskaini zigun hau, garai batean errota izandakoa berreskuratu nahi zutela… hamar urterako utzi ziguten, Nafarroako Gobernuak eman zuen dirulaguntza eta ireki genuen 2021eko abenduan. Bortz urte ditugu hemen eta jende dezente etortzen da, batzuk hurbil-hurbil dugun bainuetxetik eta aunitzek ez zekiten Euskal Herritik Ameriketara halako emigrazioa izan zenik ere, ez zuten ezagutzen. Baina badira Euskal Herri osotik, jakinaren gainean, etortzen diren aunitz ere.
«Bestaren helburu nagusia artzainak biltzea da, beraien eguna izatea, eta urtetik urtera guttiago dira»
Etorkizunera begira, besta ez, baina bertze hainbat lanetan segitzeko asmoa duzuela aipatu duzue… Aurten hiru liburu argitaratuko dituzue…
Azken besta izanen da Lesakakoa, baina orain hiru liburu argitaratzeko asmoa dugu. Lehenbizikoa urrian eginen dugu, Erronkarikoa, eta gero, Malerrekakoa eta Bortzirietakoa, honetan, 2006an argitaratutako liburuan kanpoan gelditu ziren artzainekin, datu gehiagorekin… Koldo San Sebastianek egin du lana. Guk eskuartean ditugun urteak ofizialki erregistroan ez daudenak dira, baina horren aitzinetik, itsasontziz joan zirenen datuak eta badira. Horiek denak bilduz eta historia gehiago bilduz, aterako dugu liburua. Bortzirietan 600 lagunetik goitiren datuak bilduak ditu. Estatu Batuetara joan aitzinetik, Argentinara eta Uruguaira joaten omen ziren aunitz.
«Orain hiru liburu argitaratuko ditugu eta bizikletan edo oinez egiteko ibilbidea diseinatu eta prest dugu»
Bertze proiekturik baduzue mahai gainean?
Euskal Herrian barna oinez edo bizikletaz egiteko ibilbide bat ere diseinatu dugu. Oraindik ez dago erabat bukatua baina elkartearen webgunean ikus daiteke. Tomas Ibarrak, Frantxua Juanikotenak eta Xabi Etxenike semeak diseinatu dute ibilbidea eta ari dira bizikletan probatzen. Santiago Bidea dagoen bezala, nahi genuen Euskal Herrian emigrazioa erakusten duen bide bat izatea. Orain, ongi markatzeko eta seinaleztatzeko dirulaguntzaren esperoan gaude. Ea hurrengo urtera begira publiko egiten dugun. Baditugu bertze proiektu batzuk burutan, baina joanen gara aipatzen. Adibidez, Elgorriagako museoa ttikia gelditzen ari zaigu eta polita izanen zen leku handiago bat izatea, normalean boluntarioek irekitzen dugu (uztailean eta abuztuan bai ordaintzen dugu pertsona bat irekitzeko) eta igual urte osoan irekitzeko aukera emanen lukeen langilea kontratatzea…
Ipar Amerikan artzain izandakoak izan dituzue begi bistan, baina Mexiko, Argentina, Uruguai aldera, baita Australiara joandako euskal diaspora ere bada. Horien inguruan zerbait egiteko asmorik?
Guk Estatu Batuetara artzain joandakoetan zentratu gara, baina badira bertze diasporak… Mexiko aldera ere Baztanetik joan ziren aunitz eta okin moduan aritu ziren, Australiara azukre bilketan aritzera joandakoak… Nik niri tokatu zaidanaren inguruan egin dut lana, bertzeei utziko diegu lan horiek… Baina bada hemendik ia eskolarik gabe joan eta han eta hemen hainbertze gauza egin dituztenak, hainbertze historia.