[ARGAZKIAK] Javi Menta eta Maitane Melero nagusitu dira Lesakako VII. Zubigaineko Krosean

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 1a

Beti Gazte elkarteak antolatutako Lesakako Zubigaineko Kros Herrikoiaren zazpigarren edizioa egin zuten larunbatean, Bortzirietako Lasterketa Herrikoien III. Koparako baliagarria. 6 kilometroko proba nagusia 42 korrikalarik bukatu zuten eta Javi Menta andoaindarra (18.40) eta Iruñeko Maitane Melero (20.51) izan ziren bizkorrenak. Argazkiak: Unax Etxarte

Taldeka Eziñin eta Zerbezeruk izan dira onenak Bortzirietako III. Kopako lehen proban

Gizonezkoetan, Mentaren gibeletik, Iruñeko Iñigo Maciasek (19.05) eta Agerra Runners taldeko Gwendal Larqué beratarrak (19.13) osatu zuten podiuma. Eziñin taldeko Haitz Telletxea beratarra laugarren izan zen (19.53) eta lehen lesakarra, Zerbezeruk taldeko Beñat Saralegi seigarren izan zen (20.20).

Emakumezkoetan, Meleroren gibeletik, bigarren izan zen Zerbezeruk taldeko Ane Elzaurdia beratara (21.42) eta hirugarren Eziñin taldeko Nahia Pikabea beratarra (23.50). Lehen lesakarra Loly Pardal izan zen (36.04), baina Yolanda de Carlosekin eta Alaia Altzugarairekin eskutik hartuta helmugaratu zen. Ikusi sailkapen osoa

Jubenil mailan, Eziñin taldeko Ulises Sarasua (21.57) eta Azagrako Angela Moreno (30.00) izan ziren bizkorrenak.

Bertze kategoriei dagokienez, junior mailan, Telmo Lertxundi zarauztarra (10.32) izan zen bizkorrena, Iker Zestau leitzarraren (11.03) eta Martin Murillo zarauztarraren aitzinetik (11.11). Alain Gajate lesakarra laugarren izan zen (11.15).

Alebinetan, Xabat Gajate Aleman eta Maddi Goizueta Balda; benjaminetan, Julen Zozaia Aietxu eta Enea Mitxelena Beristain; aurrebenjaminetan Oihan Mitxelena Beristain eta Aia Perotxena Elgorriaga eta ttikietan Ibon Telletxea Ostolaiz eta Arane Taberna Txoperena izan ziren bizkorrenak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun