Bortzirietako Koparen hirugarren edizioa ekainaren 27an hasiko da Lesakan

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 23a

III. Bortzirietako Kopa joan den asteartean aurkeztu zen Beti Gazteko, Gure Txokoako, Manttaleko, Agerra Mendi Taldeko eta Alkaiagako jai batzordeko ordezkarien eskutik.

Bortzirietako Koparen hirugarren edizioa ekainaren 27an hasiko da Lesakan. Txapelketa honek Bortzirietako lasterketa herrikoiak biltzen ditu eta 2024an martxan jarri zen korrikalarien partaidetza sustatzeko bakarka zein taldeka.

Zubigaineko Kros Herrikoiak, Alkaiaga Trailak, Berako Gau Krossak, Agerrako Krosak eta Lizuniagako Igoerak osatuko dute Kopa

Zubigaineko Kros Herrikoiaren zazpigarren edizioa (Beti Gaztek antolatuta) ekainaren 27an, larunbatean, jokatuko da 11:00etatik aitzinera. Bortzirietako Koparen lehen lasterketa izanen da eta jada izen-ematea zabalik dago www.kronoak.com webgunean. Dena den, egunean bertan izena eman daiteke 10:00etatik aitzinera Arretxeko Plazan.

Lesakako lasterketaren ondoren, gainerako probak eginen dira: Alkaiaga Trail (uztailak 25, 7 kilometro), Berako Gau Krosa (abuztuak 1, 7,8 kilometro), Agerrako Krosa (abuztuak 29, 5,8 kilometro) eta Lizuniagako Igoera (urriak 24, 4,9 kilometro).

Alkaiaga Trailerako izena eman daiteke mezu bat bidaliz alkaiagatrail@hotmail.com helbidera.

Berako Gau Kroserako izen ematea ere uztailaren 1ean zabalduko da 15:00etatik aitzinera pb-organisation.com webgunean. Gehienez 280 dortsal eskainiko dira.

Lasterketei buruzko informazio guztia bortzirikopa.eus webgunean eskuragarri dago.

Txapelketa joan den asteartean aurkeztu zen Beti Gazteko, Gure Txokoako, Manttaleko, Agerra Mendi Taldeko eta Alkaiagako jai batzordeko ordezkarien eskutik.

2024tik egin den bezala, Bortzirietako Kopak banakako sailkapena izanen du. Banakako azken sailkapen orokorrean egoteko, bost lasterketetatik lautan parte hartu beharko da guttienez, eta lau lasterketetako posturik onenak hartuko dira kontuan.

Horrez gain, bertze urte batez taldekako partaidetza sustatuko da eta gizonezkoak, emakumezkoak edo mistoak izan daitezke, eta kideak Bortzirietakoak edo bertze herritakoak izan daitezke.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun