Zer moduzko esperientzia izan zen unibertsitatera sartzeko proba egitea?
Mattin Perez: Nahiko ona izan zen, nahiz eta lehenbiziko azterketarako nerbioak nabaritu eta egun bakoitzaren bukaeran nekatua egon.
Leire Ariztegi: Hasiera gogorra izan zen. Ez dakizu zer duzun esperoan eta urduritasuna gailentzen zaizu. Azterketak egin ahala ziurtasuna hartzen joan nintzen, baina azkenekoa egin arte ez nintzen nire onera bueltatu. Azterketa guztiak bukatzerakoan, indargabe gelditu nintzen, hustuta. Baina horri buelta ematea errazago izan zen, lagunekin elkartu eta besta polita egin genuen.
Jon Goñi: Proba baino egun batzuk lehenago, urduri samar ibili nintzen. Gainera, ikasturte osoaren ondotik, nahiko nekatua ailegatu nintzen. Hala ere, hiru egun horiek nahiko motzak egin zitzaizkidan. Esperientziari dagokionez, gogorra eta interesgarria izan zen aldi berean.
Saioa Etxegarai: Niri nahiko gogorra egin zitzaidan. Nota altua behar nuen eta nire buruari presio handia sartu nion. Uste ez banuen ere, urduritasuna gailendu zitzaidan eta ez nituen azterketak nahi bezain ongi egin.
Zenbat azterketa egin zenituzten?
Mattin Perez: Hiru egunez sei azterketa egin nituen; bortz derrigorrezkoak, hau da, Gaztelania, Ingelesa, Euskara eta nire kasuan, Espainiaren Historia eta Matematika II. Eta fase espezifikoan, nahiz eta kurtsoan, Fisika eta Kimika egin, selektibitatean Fisika bakarrik egitea erabaki nuen.
Leire Ariztegi: Sei azterketa egin nituen hiru egunetan banatuta: Ingelesa, Gaztelania, Historia, Euskara, Matematika eta Ekonomia.
Jon Goñi: Nik ere sei azterketa egin nituen. Lehenbiziko bi egunetan derrigorrezkoak egin nituen: Gaztelania, Euskara, Historia, Ingelesa eta Matematika. Eta azken egunean hautazkoa egin nuen: Enpresa.
Saioa Etxegarai: Nik zazpi azterketa egin nituen: derrigorrezko bortzak (Euskara, Gaztelania, Ingelesa, Historia eta Matematika), eta hautazko bi (Biologia eta Kimika).
Nolako ikasturtea izan da?
Mattin Perez: Espero nuen bi urte hauek gogorragoak izatea, bereziki bigarren urte hau. Beraz, ez zait hagitz zaila iruditu, nahiz eta sufritzeko momentuak izan diren, adibidez, ikasturte hasieran, erritmo aldaketa garbia nabaritu nuelako.
Leire Ariztegi: Ikasturte gogorra izan da. Batxilerreko lehenbiziko maila aunitzez ere arinagoa izan zen. Aurten, unibertsitatera sartzeko proba helmuga zela jakinda, urduritasuna, tentsioa eta antsietatea gainean izan ditut. Emozioen kudeaketan lan handia izan dut, eta nire ingurukoen laguntza ezinbertzekoa izan da zailtasun horiei aurre egiteko. Familia, lagunak eta irakasle batzuk izan ditut beti ondoan, eta eurei esker ailegatu naiz honat. Irakasle batzuk ditut buruan, eta beti egonen naiz eskertua…
Jon Goñi: Ikasturtea motza, baina intentsoa izan da. Eguberrien ondotik, ikasturtea ziztu bizian pasatu zen, eta konturatu orduko selektibitatea gainean zegoen. Momentu batzuetan nahiko gogorra izan da. Hala ere, ongi antolatuz gero, atera daiteke.
Saioa Etxegarai: Ikasturtea orokorrean ongi eraman dut, nahiz eta nekatuta akabatu dudan. Lan aunitz egin dut eta denbora aunitz eskaini diot, baina selektibitateko egunak bitarte lasai egon nintzen eta ez nintzen estutua sentitu. Ikastetxean giro ona izan dugu, eta lanaren tartean momentu onak ere pasatu ditugu.
Zer ikasteko asmoa duzue?
Mattin Perez: Oraindik ez nago seguru, baina segur aski Zientziak NUPen edo Irakasle Ikasketak EHUn edo NUPen.
Leire Ariztegi: Hezkuntzarekin harremana duen zerbait. Izugarri gustukoa dut, eta lan hori bokazioz eta gustura egiten duen jendea behar dela uste dut. Horrelakoak aurkitu ditut nire bidean eta izugarri lagundu didate. Baina kontrakoa ere nozitu dut urte hauetan. Irakasle batek aunitz lagundu dezake, baina baita kalte egin ere.
Jon Goñi: Ikasturte hasieran ez nuen batere argi zer ikasi nahi nuen. Hasieran, Kazetaritza edo Ekonomia ikasi nahi nuen, baina azkenean, Historia ikastea erabaki dut.
Saioa Etxegarai: Osasun arloarekin lotutako zerbait ikastea gustatuko litzaidake, ahal badut Erizaintza.
Zerbait gaineratu nahi duzue?
Leire Ariztegi: Bide hau bukatzean sentitzen den poza itzela da. Hemendik aitzinera gustukoa dugun ikasketari emanen diogu hasiera. Orain arte derrigorrezko ikasketak egin behar izan ditugu. Batzuk atseginak eta bertze batzuk ez hainbertze. Nire ikaskide guztiei hoberena opa diet euren ibilbideetan. Besarkada handi bana.
Jon Goñi: Animoak eman nahiko nizkieke hurrengo urteko ikasleei. Kurtso zaila eta gogorra dirudi, baina denbora eskainiz, kurtsoa ateratzea lortzen da.