Zentral eolikoak eskualdean

[BIDEOA] Domiko proiektu eolikoaren arriskuez ohartarazi du Endara Bizirik taldeak

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 18a

Repsol enpresak Goizueta, Lesaka eta Oiartzungo lurretan egin nahi duen proiektua da Domiko. 205 metroko eta 6,6 megawatteko bederatzi aerosorgailu paratu nahi ditu. Bada, proiektu horri ezezkoa argia erranez, bideoa egin du Lesakako Endara Bizirik plataformak. 

Endara Bizirik-ek bideoan esplikatu duenez, «proiektua Aiako Harriko eta Artikutzako parke naturalean kokatua da, Red Natura 2000ren barrenean», eta taldearen ustez, «gure ondare naturala arriskuan paratuko luke. Mendiak zulatu, pistak zabaldu, basoa eta ondare arkeologikoa suntsituko lituzkete neurri handiko aerosorgailuak instalatzeko. Horrek zuzenean kaltetuko lituzke bertako fauna eta flora». Horrekin batera, «gure mendien garrantzia idatzi ezina» dela azpimarratu du: «paisaia berdeak zuhaitzez beteak, arnas garbi guneak, beroaldietako babes lekuak, eta inguruko herriak urez hornitzen dituzten iturburuak...».

Endara Bizirik-ek argi du: «kaltea ez da naturan bakarrik izanen. Makroproiektu honek auzoen biziraupena kolokan paratuko du, bertan bizitzea bateraezina delako proiektuarekin, eta horrek landa eremuen sustapena arriskuan paratuko luke». Gainera, «Lesaka eta inguruko herrien paisaia arrunt aldatuko lukeela» dio eta «gure mendien identitatea industrializatuko» lukeela ohartarazi du: «mendi tontorrak zelaituko lituzkete plataforma erraldoiak eraikitzeko eta guretzat bizia, memoria eta kultura diren parajeak negozio pribatu bihurtuko lituzkete».

Horregatik, «trantsizio energetikoak bidezkoa» izan behar duela aldarrikatu du Endara Bizirik-ek, eta «herritarrei aditzeko eta natura errespetatzeko» eskatu du: «Hau al da nahi dugun eredua?».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun