«Ikasketen zerrenda bat egin, lan aukeren araberako ranking moduko bat osatu eta attarekin solastatuta» erabaki zuen Ainhoa Zapirainek Informatika Ingeniaritza ikastea. Gradua bukatuta, masterrei begira hasi zen eta Big Data Kudeaketa eta Analisia masterra egin zuen, «edukia hagitz interesgarria» iruditu zitzaiolako, eta «orokorrean datuen mundua hagitz interesgarria» iruditzen zaiolako.
Lesaka-Bartzelona-Londres
Masterra «pandemia hondarrean» bukatu zuen; eta garai hartan, «lan merkatuaren egoera ez zen hagitz ona, eta ez nuen esperientziarik lan munduan». Hortaz, aukeren bila, «curriculumak hiri handietara» bidaltzen hasi zen: «Iruñea, Donostia, Madril, Bartzelona...». Kontatu duenez, «momentu hartan ez nuen aukerak aztertzeko asti aunitzik hartu, esperientzia lortzea zen nire lehentasuna eta nire lan ibilbidearekin bat zetorren edozein aukera hartzeko prest nengoen». Azkenean, Bartzelonatik hartu zuen deia, aholkularitza enpresa batetik, eta elkarrizketa prozesua gaindituta, hantxe hasi zen lanean, datuen ingeniari.
«Betitik izan dut Londresen bizitzeko interesa, eta nire lanposturako aukera aunitz zeudela ikusi nuen»
«Urtebete inguru» pasatuta, ordea, «aholkularitza mundua ez zela niretzat egokia ohartu nintzen, eta lan hura utzi gabe, berriz lana bilatzen hasi nintzen»; baita urrutiago begira ere, «datuen ingeniaritzako aukera gehiago zeudelako, bereziki Londresen eta Parisen». Hala bukatu zuen Londresen. Gainera, «betitik izan dut Londresen bizitzeko interesa, eta nire lanposturako aukera aunitz zeudela ikusi nuen». Recruiter [langile bilatzaile] enpresa batengana jo zuen; «Bisa behar da, eta haiek eskaini zidaten postuak bisa eskaintzen zidatela jakinda, aitzinera segitzea erabaki nuen». Bisaren gaia mahaian paratu du: «Lan aukera aunitz daude, baina bisarik ez baduzu, zailagoa da lana aurkitzea. Enpresa guttik eskaintzen dute bisa, eta horregatik, honat etorri nintzenean, enpresa batekin jarri nintzen harremanetan lana bilatzeko. Horrek prozesua erraztu zidan, eurek bilatu baitzizkidaten lan aukerak».
Onartu du hasiera «pixka bat zaila» izan zela: «Inoiz ez nuenez bisarik tramitatu, prozesu legal eta administratibo aunitz ezezagunak egin zitzaizkidan momentu hartan. Hizkuntza ere ez zenez iguala, zaila egiten zitzaidan lanean komunikatzea, eta lan kultura ere nahiko diferentea da. Hala ere, masterreko lagunak hemen nituenez, prozesua errazagoa izan zen».
«Hemen nagoenetik bizpahiru aldiz lanez aldatu naiz, eta ikusi dut lan eta ikasteko aukera aunitz daudela»
Baina iraganean gelditu da hori dena, eta «ohitu» dela dio: «Hemen nagoenetik bizpahiru aldiz lanez aldatu naiz, eta ikusi dut lan eta ikasteko aukera aunitz daudela. Etxetik egiten dut lan, eta nire senarrarekin eta zakurrarekin bizi naiz. Asteburuetan, berriz, gure lagun taldearekin planak egiten ditugu». Esplikatu duenez, «aunitzek Londres trantsizioko hiri bat bezala ikusten dute, hau da, jendea denboraldi baterako etortzen da, ez betiko, eta zaila izaten da harremanak mantentzea. Baina bertzetik, hagitz hiri internazionala da, eta beti bada jende interesgarria ezagutzeko aukera».
Gustura bizi den seinale dira bere etorkizuneko planak: «Uste dut Londresen geldituko naizela, batez ere nire senarrarengatik eta osatu nahi dugun familiarengatik. Senarra Hong Kongekoa denez, zaila izanen luke Lesaka aldera bueltatzea, batez ere lanagatik eta hizkuntzagatik. Gainera, etorkizunera begira, gure familia mistoa izanen denez, uste dut Londresek aniztasun handia duela, eta horrek onarpen eta erosotasun handiagoa emanen digula. Horregatik, hemen segitzeko intentzioa dugu».