Zaila da Maitane Erdozain Ibarra beratarraren ibilbidea hitz guttitan laburtzea, ikasketek eta lanak aunitzerako eman baitiote, bertzeak bertze, munduko bazter aunitz ezagutzeko aukera. Beratik Leioara (Bizkaia) egin zuen lehenbiziko saltoa, EHUn Biologia ikasketak egiteko. Hurrengo geldialdia Suedian egin zuen, Uren Kudeaketa Jasangarria masterra egiteko. Doktoretza Kanadan egin zuen, basoen kudeaketaren eta erreken egoera ekologikoaren arteko harremanean espezializatzeko. Zazpi urte egin zituen han, eta egun, Lleidan bizi da.
Ikasketa horiek aukeratzeko arrazoi nagusietako bat «irakasle jakin batzuek izan zuten eragina» izan omen zen: «Toki Ona institutuan Biologia eman genuenean, izugarri gustatu zitzaidan bizitza eta natura gobernatzen dituzten konposatu, erlazio eta prozesuen funtzionamendua ulertzea; benetan harrigarria iruditu zitzaidan. Dudarik gabe, Maite irakasleak izan zuen eragin handia: gauzak esplikatzeko zuen pasioa kutsagarria zen».
«Ikasketa horiek aukeratzeko arrazoi nagusietako bat irakasle jakin batzuek izan zuten eragina izan zen»
Gerora, unibertsitatean, Ekologia ikasgaiarekin «berriz liluratu» zen, «sistemako elementu guziak nola dauden elkarri lotuta eta elementu bat aldatzeak nola eragiten duen gainerakoetan» ikusita. Eta tartean, bertze irakasle bat: «Arturo irakaslea ere bereziki gustatu zitzaidan, eta haren laborategian pixkanaka lanean hastea lortu nuen, erreken ekologia lantzen baitzuen». Aipatutakoari berezkoa gehitu zion: «Basoak eta mendia betitik maite izan ditut, eta Euskal Herrian egiten zen kudeaketarekin kezkatua nengoenez, masterreko tesia basoen ustiapenak erreketan zuen eraginean sakontzera bideratu nuen».
Euskal Herrian zaila, kanpoan erraza
«Kanpoan lana bilatzea erraza» izan da beretzat; «zailtasunak Euskal Herrian» izan ditu eta «horrek, kasu gehienetan, alternatibak kanpoan bilatzera» eraman du beratarra: «Suediatik bueltatu nintzenean, Hondakinen Mankomunitatean hasi nintzen, baina ikerketa eta ekologia gaiak ziren egiatan erakartzen nindutenak, eta doktoretza egiteko aukeren bila hasi nintzen. Euskal Herrian finantzaketarik ez zutela erran zidaten, eta momentu berean, Kanadako doktoretza eskaintza ailegatu zitzaidan». Eskaintzari baiezkoa erran zion.
Kanadan zazpi urte
2013an joan zen Kanadara, eta aitortu duenez, harat joateko erabakia hartzea «ez zen batere erraza izan. Duda aunitz izan nituen, eta epe luzerako eta hain urrutiko apustu batek sekulako bertigoa ematen zidan. Azkenean, ez dakit nondik ausardia bildu eta ingurukoen bulkadari esker, salto egitea erabaki nuen». Argitu du «baldintza onak» topatu zituela han; «eta nire esparruan, basoen kudeaketan, hagitz aitzinduak daude; beraz, ekosistema ezin hobea zen nire ikerketarako. Soldata ona zen eta ikerketa taldeak atsegina ematen zuen. Egia erran, nik tokia aukeratu baino gehiago, tokiak aukeratu ninduen ni».
Hasiera nolakoa izan galdetuta, «ez naiz sobera ongi oroitzen hasieraz; memoria txarra dut, eta gainera, joera dut gauza txarrak ahantzi eta onenekin gelditzeko», dio. Hala ere, onartu duenez, «hasieran, hizkuntzarekin ez nintzen eroso moldatu. Ingeleseko titulua izanda, uste nuen prest nengoela, baina berehala ohartu nintzen eskolan ikasitako ingelesak gutti balio zuela herrialde anglofono batean egunerokoan eroso ibiltzeko. Kostata ulertzen nituen bertakoak, eta bertakoek ni ere bai».
Hasierako tramiteak ere «gogorrak» izan omen ziren: «bankuko kontua irekitzea, telefono zenbakia lortzea, nortasun agiria eskuratzea… Frustragarria zen bata lortzeko bertzea behar zenuelako, eta zenbat buelta!». Eta klima bertze kontua: «Klimara jartzea ere zaila egin zitzaidan, neguak hotzak eta luzeak dira (-20 ºC) eta etxean ordu aunitz pasatzen dira. Horregatik, winter blues deitzen dioten beheraldi emozionala nahiko ohikoa da». Gogorrena, hala ere, «familia urruti» izatea izan zen Erdozainentzat: «Urtean bi aldiz bueltatzen nintzen eta Skype bidez solas egiten genuen, baina hasieran bereziki gogorra egin zitzaidan, eta baziren egunak hagitz bakarrik sentitzen nintzenak». Baina «suerte handia» izan zuela dio: «Lagun zoragarriak egin nituen, momentu ilunenetan ere eguna argitzen zutenak».
Jendea ezagutzeko «musika bandan eta dantza talde batean» apuntatu zen, eta «asteburuetan ostatu batean lanean hasi nintzen». Horrek «aunitz lagundu» omen zion «bertakoak ezagutzen eta kulturara hurbiltzen». Unibertsitatean eta ostatuan «lagun zoragarriak» egin zituela gehitu du, «eta haiei esker bihurtu ziren Kanadako ia zazpi urteak esperientzia ahaztezin. Toki bat berezi edo atsegin egiten dutenak bertan topatzen dituzun pertsona politak dira. Eta zentzu horretan, sekulako zortea izan nuen. Hagitz gustuko dut kanadarren izateko modua eta haiengandik aunitz ikasi nuela sentitzen dut».
Irakasle masterra
Kanadatik bueltan, berriz ere Euskal Herrian lan bila hasi zen, eta irakasle masterra ere egin zuen. «Covid garaia zen, eta ez zen erraza lana aurkitzea; gainera, betitik izan dut buruan irakasle izatea. Egia erran, Biologia ikasten hasi nintzenean eta ikerketa munduan sartu aitzinetik, biologia irakasle izatea zen nire helburuetako bat. Horregatik egin nuen masterra, bide hori irekita edukitzeko». Eta hara non, «justu irakasle zerrendetan sartu eta aste berean deitu zidaten Kataluniatik».
Lau urte Lleidan
Katalunian dabil geroztik, Solsonan (Lleida), «hamar mila biztanleko herri polit eta atseginean, Pirinioetatik hurbil». Esplikatu duenez, «lau urte daramazkit basoen ikerketa eta kudeaketan espezializatutako ikerketa zentro batean lanean eta Europako, Espainiako eta Kataluniako proiektuetan aritzen gara. Lau pertsonako talde bat koordinatzen dut, eta gure helburua basoen kudeaketa multifuntzionala nola sustatu ikertzea da, eta basoak ahalik eta hobekien prestatzea gaur egungo erronka sozial eta ekologikoetarako: aldaketa klimatikoa eta suteak, landa eremuen hustea, biodibertsitatearen gainbehera, uraren krisia…». Gustura dabil: «Lan honen alde politenetako bat bidaiatzeko aukera handia dudala da». Gainera, «telelana egiteko aukera» izanda, «maiz bueltatzen naiz Berara».
Lanetik kanpo «Solsonako bizitza nahiko aktiboa» dela dio: «Kanpotar aunitz elkartzen gara; eta horrek giro polita sortzen du. Ez gara aspertzen».
«Berara bueltatzen naizenean, Belate gurutzatu eta euriak egiten didan ongietorriarekin izugarri gozatzen dut»
Gainerakoan, sorterriaren konparatuta, aldaketa nabarmenena klimarekin sumatua du: «Ia ez du euririk egiten, eta egiten duen egun gutti horietan, jendea kexu ibiltzen da eta bizitza ia gelditu egiten da. Ur eskasia horren handia izanda, ez dut entenditzen nola ez duten gehiago baloratzen euria». Horren harira, «Berara bueltatzen naizenean, Belate gurutzatu eta euriak egiten didan ongietorriarekin izugarri gozatzen» duela kontatu du. «Kotxeko leihoa ireki eta euriaren freskura eta usaina sentitzea gozamena da hilabeteetan euririk ikusi ez duzunean». Eta bertze aldea hizkuntza izan da: «Hasieran zaila egin zitzaidan katalanez ez nekielako, hemen ez dira amankomunean ditugun bertze hizkuntzetara aldatzen». Gaineratu duenez, «katalanez ongi moldatu arte, espazio publiko batzuetan ez da erraza eroso sentitzea».
Euskal Herrira begira
Etorkizunean, sorterrira bueltatu nahi du beratarrak: «Beti mantendu dut lotura estua, eta familiarekin dudan atxikimendua handia da». Hala, onartu duenez, «beti izaten dut begi bat Euskal Herriko lan aukerei begira. Unibertsitateko zerrendetan ere izena eman dut, eta ea oraingoan aukera sortzen den». Honela gehitu du: «Nire lanarekin igual ez da erraza Beran bertan bizitzea, nahiz eta dena den posible, baina behinik behin Euskal Herrira hurbiltzea gustatuko litzaidake». Honela borobildu du: «Hagitz eskertua nago bertze toki batzuetan bizitzeko izan dudan aukeragatik, eta ez nuke deusengatik aldatuko; baina, aldi berean, sustraiak nonbait botatzea polita da, eta Euskal Herria toki aparta da horretarako».