«Aunitz eskertzen diot 2021eko Garaziri beldur eta duden gainetik pausoa eman izana»

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 6a

Garazi CONDE ORUBE, Bartzelonan bizi den lesakarra.

«Duda aunitzen ondotik», Diseinu Industrial eta Produktuen Garapenean Ingeniaritza ikastea erabaki zuen Garazi Conde Orube lesakarrak. Kontatu duenez, «nire baitan beti egon dira bi alde, nahiko integratuak eduki ditudanak: alderdi tekniko-teknologikoa, eta alderdi artistikoa. Ttikitatik aunitz gustatu zait espresio artistikoa, bereziki plastikoa; baina zientziak ere, bereziki fisika, hagitz gustukoak nituen karrera aukeratu behar izan nuenean». Berak dioen bezala, «deus ikustekorik ez duten» ikasketak ibili zituen buruan; «Arte Ederrak zein Itsas Ingeniaritza ikastea planteatu nuen, baina ez ninduen deusek ere guztiz konbentzitzen, beti alderdi bat edo bertzea aukeratu behar nuelako». Eta azkenean, Diseinu Industrial eta Produktuen Garapenean Ingeniaritza izeneko ikasketen aldeko apustua egin zuen.

Karrera bekadun egin zuen: «Unibertsitatean lan egiten nuen, lanaldi erdian, departamentu bateko bekadun». Baina karrera bukatu duenetik ez omen da «behin ere ingeniari lanean aritu». Titulua ateratakoan, hainbat lanetan aritu zen Euskal Herrian, bertzeak bertze, komunikazioan, baina ordurako ohartua zen zein zen bere bidea: «Nirea diseinu grafikoa zela deskubritu nuen».

Lesakatik Bartzelonara

Esplikatu duenez, «nire karrera ez da bereziki diseinu grafikokoa, eta oinarrizko programa batzuk ikasi banituen ere, jakintza aldetik nahiko autodidakta nintzen, eta hutsune bat sumatu nuen». Hala, diseinatzaile grafikoa izateko, «espezializatu behar nuela» pentsatu, eta «ikasketa bila» hasi zen; «hasieran Euskal Herrian, baina agudo samar jo nuen Bartzelonako eskoletara. Diseinuaren arloan, Bartzelona erreferentea da Europa mailan, eta master bat ordaintzen hasita, ongi probestuko nituen ikasketak nahi nituen». Gainera, «hiri honekin [Bartzelona] ttikitatik halako konexio bat» izan omen du: «Bartzelonara etortzea aldaketa handia zen arren, ez zegoen hain urruti, eta tren, hegazkin zein autobusez bueltatzeko aukera edukitzeak konbentzitu ninduen, Lesakan errotua segitu nahi nuelako».

«Diseinuaren arloan, Bartzelona erreferentea da Europa mailan, eta master bat ordaintzen hasita, ongi probestuko nituen ikasketak nahi nituen»

2020an egin zuen lehenbiziko saiakera, «baina pandemia tarteko ez zitzaidan momentu ona iruditu. Azkenean, 2021eko urrian maletak egin eta Bartzelonara etorri nintzen ikastera». Hasiera ez zitzaion hain zaila egin. «Erasmusean ezagututako lagun min batzuk hemen bizi ziren eta eurei esker, jende aunitz ezagutu nuen. Masterrean adineko aunitz elkartu ginen, giro hagitz onean, eta nire ingurua sortzen joan nintzen».

Onartu du «pandemia garaiko Lesakatik Bartzelona bezalako hiri handi eta bizi batera etortzea aldaketa handia» izan zela. Gauza batzuetara jartzea «erraza» izan omen zen: «distantziak, garraio publikoa, planak egiteko eta jendea ezagutzeko bertze moduak…». Bertze alderdi batzuk gehiago kosta zitzaizkion: «Hasieran anbulantziek gauero ernatzen ninduten hainbat aldiz! Hizkuntza ere puntu garrantzitsua izan zen: beti euskaraz bizitzera jarria nintzen, Mexikon egin nuen Erasmuseko urte hura kenduta, eta kosta egiten zitzaidan gazteleraz ulertu eta aritzea, zer erranik ez katalanez. Baina dena da jartzea, eta horretara ere agudo samar egin nintzen. Hasieran denbora dezente pasatzen nuen bakarrik, baina pixkanaka sortu nuen nire ingurua: pisukideak, masterreko lagunak, Bartzelonako lagunak…».

Egonaldia uste baino gehiago luzatua

Gaur egun, Bartzelonan bizi da bikotekidearekin, eta autonomoa da. «Astegunez, etxetik egiten dut lan, eta hortik aparte, etxeko kontuak, kirolak, erosketak... egiten ditut, eta lagunen bat ikusten ere saiatzen naiz. Asteburuetan, berriz, planak egiten ditut, normalean hirian bertan, bikotekidearekin zein lagunekin. Erranen nuke ez dela Lesakan izanen nukeen egunerokoaren hagitz desberdina, baina eguraldi ona eta planetarako erraztasuna aunitz baloratzen ditut, nahiz eta dena garestiagoa den». Gehiago ere erran du: «Hemen ere badago antolaketa sozial garrantzitsu bat, eta nahi izanez gero, bada aukera Euskal Herrian bezala sentitzeko. Euskal Etxearen ondoan bizi naiz, pentsa!».

Lanerako aukera

Lana bilatzeko zailtasunik ere ez du izan; kontrara, «nahiko erraza egin zitzaidan. Bartzelonan diseinu ekosistema handia dago eta arlo honetan Euskal Herrian baino errazagoa da». Hori bai, «traba bat» aipatu du: konpetentzia. «Dena hemen mugitzen denez, jende aunitz dago eta konpetentzia handia dago lanak lortzeko orduan. Ona bazara, beti dago norbait hobea, eta sormenaren sektorean lan egin nahi duen hainbertze jende izateak lan baldintzak kaxkartzen ditu, beti dagoelako norbait baldintza txarrak onartzeko prest».

Eta «bertze zailtasuna etxebizitza» dela dio: «Ia ezinezkoa da alokairuan etxebizitza bat lortzea, eta soldataren zatirik handiena hor joaten zaigu. Ekonomikoki, dudarik gabe, okerrago bizitzen da hemen: berdina edo guttiago kobratu, eta gehiago ordaindu».

«Bizitzak buelta aunitz ematen ditu, honat urte baterako etorri nintzen eta bortz eginen ditut urrian»

Nolanahi ere, «denbora batez» han gelditzekotan da lesakarra, nahiz eta etorkizunean «Lesakara bueltatu» nahiko lukeen. «Bartzelona hagitz hiri bizia da, baina hemengo erritmoak nekatu ere egiten du, eta nik uste, hemendik urte batzuetara, eskertuko dudala Lesakako bizitzara bueltatzea. Dena den, bizitzak buelta aunitz ematen ditu, honat urte baterako etorri nintzen eta bortz eginen ditut urrian. Beraz, nork daki!».

Bukatzeko, kanpora joateko dudan dagoenari «pausoa emateko» erran dio. «Zaila da laguntasuna, familia… sorterrian gelditzen diren harremanak kudeatzea, baina gogo eta zaintza pixka batekin, hor ere gauza berriak deskubritzen dira. Nik aunitz eskertzen diot 2021eko Garaziri, beldur eta duden gainetik, pausoa eman izana».

Erlazionatuak

Lan aukeren bila atzerrira

Ttipi-Ttapa eka 06, 08:00 Mendialdea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun