[GUTUNA] Lesakako Matxinbeltzenea aterpetxeko istiluak

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 2a

Matxinbeltzenea aterpetxean izan dituzten erasoen harira, idatzi hau bidali du Jon Larretxeak Matxinbeltzenea aterpetxeko kudeatzaileen izenean. Argi diote: «Egoera larri honetara ailegatuta, eta bertze aukerarik ikusten ez dugunez, uda pasatuta, aterpetxea itxiko dela ere jakinarazi nahi dizuegu».

Idazki honen bidez, Lesakako Matxinbeltzenea aterpetxean aspalditik jasaten ari garen eta, jada, jasanezin bihurtu den egoera larri bat jakinarazi nahi diogu herriari.

Badira 10-12 urte, eskoletako ikasle taldeak edota aisialdi taldeak gurera etortzen direnean, belaunaldiz belaunaldi aldatzen den herriko nerabe talde bat aste hondar edo opor sasoietako gau batzuetan inguratzen dela. Zoritxarrez, ez da harrera ona egiteko hurbiltzen; alderantziz, kanpoko bezeroekiko errabia eta errespetu falta lotsagabea erakutsiz,  helburu bakarra, euren hitzetan, «kattulariak joditzea» da.  

Maiz errepikatzen den saioa da: urez betetako globoak eta petardoak botatzen dituzte, harriekin kristalak hautsi, atarian dauden altzariak hautsi edo eraman, eta bizpahiru orduko liskarrak eragin. Hori guztia, pribatua den jabetza batean sartuz, ez dugu atzendu behar. «Ekintzetan» parte hartzen dutenak aurpegia estalita  joaten dira ezagutuak ez izateko,  eta haien inguruan, herriko 30-40 neska-mutiko inguru biltzen dira (denak nerabeak), ekintza horiek txalotzeko eta «ikusle» lana egiteko, «zirku erromatarra» balitz bezala.

Bezeroen arteko monitoreren batek edo guk geuk aurre egin izan diegunean, erasotzaileek lasterka ihes egiten dute algara batean, eta ikusle gelditzen diren gazte taldeetako zenbaitek, lasai ederrean, aurre eginen dizute leku publiko batean egoteko eskubide osoa dutela aurpegiratuz. Beraientzat hori guztia dibertsio hutsa da.

Egoera honek muga guztiak gainditu ditu azkenaldian. Lehengo aldian, harriak leihoetara botatzeaz gain, sarrerako atea hautsi ziguten, eta, horrez gain, kanpotik, bigarren solairuko balkoiraino igo ziren. Oraingoan gainera, barrenean zirenak ez ziren haur edo nerabe taldeak, Lesaka ezagutzera etorritako familiak eta heldu taldeak baizik.

Hori guztia dela eta, gaurgero sentitzen dugun ezintasuna eta bakardadea erabatekoa da. Udalera jo dugu maiz aski, baina ez dugu laguntzarik hartu. Hainbat gurasorekin solas egin dugu, eta gehienek garrantzia kentzen diote gaiari: «haurren gauzak dira», «gure txikia hor dago, baina ez du deus egiten». Egoera ikusita, argi dago inpunitate osoa dutela nahi dutena egiteko eta inork ez duela nerabeen ekintzen erantzukizunik hartu nahi.

Badirudi  erasotzailea edo horren lagun-babeslea gure seme-alaba denean ez dugula arazorik ikusten.  Baina, gauza bera pentsatuko ote genuke, geure seme-alabak kanpaleku batera joan, eta horrela hartuko balituzte?  Edo geu aterpe batera egun batzuk pasatzera joanen bagina eta halako «harrera» biziko bagenu?

Egoera larri honetara ailegatuta, eta bertze aukerarik ikusten ez dugunez, uda pasatuta, aterpetxea itxiko dela ere jakinarazi nahi dizuegu. Pena da hainbertze urtez Lesaka herria ezagutarazteko zerbitzua eman ondotik, gertakizun triste eta tamalgarri hauek kontatuz bukatzea.

Herriak honen guztiaren berri izan behar duela uste dugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun