[ARGAZKIAK] Lesakako Matxinbeltzenea aterpetxean ostatu hartzen dutenei erasoak salatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 1a

Asteburu honetan, berriz ere, bizikidetzaren aurkako eraso onartezin bat jasan dute Lesakako Matxinbeltzenea aterpetxean ostatu hartua zuen jendeak. Larunbat gauerdian, herriko nerabe talde batek aterpetxera etorritako jendeari eraso egin zion. Ondoko aparkalekutik zaborrontzi bat garraiatu, eta sarrerako atea jo eta jo ibili ziren kristala hautsiz eta zabor poltsak lurrean barna utziz. Aitzineko asteburuan harriak botaka ibili ziren eta sarrerako ateko kristala lehertu zuten.

Matxinbeltzenea aterpetxetik adierazi dutenez, «hau ez da gertaera isolatu bat. Azken urteotan gero eta larriagora doan joera da. Orain arte hain helburua hemen ostatua hartzen zuten haur taldeei mugatzen zen eta urez betetako globoak edota loreontziko loreak edo lur puskak erabiltzen zituzten. Azkeneko asteburu hauetan muga bat gainditu dute: globoetatik harriak erabiltzera eta haurrak molestatzetik ostatuan den nor-nahi erasotzera pasatu dira. Muga guztiak gainditu dituzte».

Idatzian diotenez, «pentsatu une batez kanpotik Lesakara gozatzera edo atseden hartzera datorren jende horrengan: zer nolako beldurra edo babesgabetasuna sentituko ote zuten gau erdian euren aterpeari eraso egiten zioten bitartean? Nola sentituko ginateke gu geu edota gure seme-alabak kanpora joan eta horrelako tratua jasoko balute? Ezin dugu onartu gutxi batzuen jarrerak Lesakaren irudia zikintzea eta herritar zein bisitarien segurtasuna arriskuan jartzea».

Matxinbeltzenea aterpetxetik dei egiten diete nerabe horien gurasoei, herritarrei eta erakundeei «egoera honen aitzinean enpatiaz jokatu eta neurriak har ditzaten.  Bakean eta errespetuan bizitzea dugu helburu; ez dezagun onartu eraso gehiagorik».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun