Kanpainaren bideoak, kartelak eta esku orriak zabaltzen hasiak dira dagoeneko
Bortzirietan, Matxinbeltzenea euskaltegian egin dute aurkezpena eta bertan izan dira Marianela Veintimilla, sorterria Ekuadorren duen Arantzako herritarra eta euskara ikaslea, aurtengo Egin nirekin ere euskaraz! kanpainako protagonistetako bat, Xanta Souza, sorterria Brasilen duen Lesakako herritarra eta euskara ikaslea, Monika Agirre, Bortzirietako IKA Euskaltegiko irakaslea, Eneko Fernandez, Bortzirietako Mankomunitateko ordezkaria eta Patxi Castillo, Bortzirietako Mankomunitateko lehendakaria.
Egin nirekin ere euskaraz! kanpainak hirugarren urtea du, eta Euskal Herrira etorri diren eta euskara ikasi duten edota ikasten ari diren euskal herritarrei aitortza egin nahi die aurten, batetik edo bertzetik etorri arren guztiak bertakoak eta euskaldunak direla nabarmenduz. Lekunberri, Lezo, Gatika, Leitza, Hondarribia, Zumaia, Ikaztegieta, Segura, Arantza, Ondarroa, Basaburua eta Igorren bizi dira aurtengo kanpainan parte hartu duten euskaldunak.