[BIDEOA] 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina jarri du martxan UEMAk

Ttipi-Ttapa 2026ko maiatzaren 1a

Euskal Herrira etorri eta euskara ikasi duten edota ikasten ari diren euskal herritarrei aitortza egin nahi die aurten UEMAK. Eskualdeko bi herritarrek parte hartu dute kanpainan: Aurora Rayok (Nikaraguan sortu eta Leitzan bizi da) eta Marianela Veintimilla Acuñak (Ekuadorren sortu eta Arantzan bizi da).

Euskarak jatorri eta kolore asko dituela nabarmendu nahi du ‘Egin nirekin ere euskaraz!’ kanpainak: «Azalaren kolorea edota hiztunaren jatorria askotarikoa izan arren, herritar horiek ere euskaldunak dira». 

Euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko asmoarekin, 2023ko azaroan egin zuen lehenbiziko kanpaina UEMAk.  Haurrak eta nerabeak izan ziren lehenbiziko kanpainaren protagonistak. Orduan, beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazteko beharra ere nabarmendu zioten hainbat udalek UEMAri, eta horiek izan ziren iazko kanpainaren protagonistak.

Aurten hirugarren urtea du kanpainak, eta euskara ikasten ari diren herritar berriak aitortu eta ikusarazi nahi izan dituzte. Hauek dira, kanpainan parte hartu duten euskaldun berriak eta euskara ikasleak:

  • Aurora Rayo. Ocotalen jaiotakoa, Nikaraguan. Leitzan bizi da.
  • Marianela Veintimilla Acuña. Quiton jaiotakoa, Ecuadorren. Arantzan bizi da.
  • Dahye Kim. Hego Korearra. Lezon bizi da.
  • Paula Cristina Monteiro Rodrigues. Oporton jaiotakoa, Portugalen. Ondarroan bizi da.
  • Cauria Teyeb Ahmed Salem. Sahararra. Igorren bizi da.
  • Karelys Borges Fernandez. Habanan jaiotakoa, Kuban. Lekunberrin bizi da.
  • John Bryan Saenz Zambrano. Kolonbiarra. Seguran bizi da.
  • Bonavie Rendon. Filipinarra. Ikaztegietan bizi da.
  • Marta Abiy Abegaz. Etiopiarra. Hondarribian bizi da.
  • Alejandra Andres. Buenos Airesen jaiotakoa, Argentinan. Aizarotzen bizi da, Basaburuan.
  • Hamida Cherfaoui Mostefaoui. Aljeriarra. Zumaian bizi da.
  • Loli Hernandez Paz. Hondurastarra. Gatikan bizi da.

«Erdaraz hasten zaizkie herritar asko, kanpokoak direla adieraziz zeharka»

Euskaldunak dira Karelys, Dahye, Cauria, Aurora, Marta, Hamida, Bonavie, John Bryan, Marianela, Paula, Alejandra eta Loli. Kuban, Hego Korean, Saharan, Nikaraguan, Etiopian, Aljerian, Filipinetan, Kolonbian, Ekuadorren, Portugalen, Argentinan edota Hondurasen jaio dira, besteak beste. Bizi, berriz, Lekunberri, Lezo, Igorre, Leitza, Hondarribia, Zumaia, Ikaztegieta, Segura, Arantza, Ondarroa, Basaburua eta Gatikan bizi dira.

Gaztelera, hassaniera, arabiera, koreeera, portugesa edo amharera jaso dute etxean, besteak beste. Euskara, beraz, ez da beraien lehen hizkuntza, baina euskara ikasi dute eta ikasten ari dira, eta euskaraz aritu nahi dute herritarrekin. UEMAtik adierazi dute, ordea, askotan erdaraz hitz egiten dietela gainerako herritarrek. Badakite, ordea, «euskara dela zubirik ederrena eta euskara ukatzen dieten bakoitzean zubia ere ukatzen dietela» sentitzen dute: «kanpokoak direla esaten zaiela zeharka». Horregatik, beraiei ere euskaraz egitea nahi dute. Gustatzen zaielako, eta euskaldunak ere sentitzen direlako.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun